Kultur ekitaldiek 21:00etarako bukatuta egon beharko dute, dekretu berrira egokitzeko

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 9a, 16:01

Aldaketak izango dira Zumaiako kultur programazioan, Eusko Jaurlaritzaren dekretura egokitu ahal izateko. Ordutegiak moldatuko dira, besteak beste. 

Eusko Jaurlaritzaren azken dekretuaren arabera, 22:00etatik goizaldeko 6:00ak bitartean ezingo da kalean ibili. Hori dela eta, aipatutako dekretuak ezartzen dituen baldintzetara egokitzeko moldaketak egingo dira Zumaiako kultur programazioan. Besteak beste, ordutegia aldatuko da, eta kultur ekitaldiek 21:00etarako bukatuta egon beharko dute. 

Antzerkiari dagokionez, helduen antzerki saioak 19:00etan hasiko dira, eta haurrenak, orain bezala, eguerdiko 12:00etan. Emanaldi hauetarako sarrerak aurrez erosi beharko dira turismo bulegoan. Saio hauetarako itxita egongo da Aita Mari aretoko leihatila. Neurri hau indarrean izango da datorren astebururik aurrera, eta ostiralean egingo den Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanari eragingo dio, adibibidez. 

Bestalde, Hai, ametsen arrantzalea antzezlana taularatzekoa zen urriaren 25ean; emanaldi hura bertan behera geratu zen pandemia ez hedatzeko hartutako neurriengatik. Sarreren dirua itzultzeko eskatu daiteke turismo bulegoan. Izan ere, sarrera horiek ezingo dira beste antzezlanetarako erabili. 

Zine saioetako ordutegia ere moldatuko da filmeen proiekzioa 21:00etarako amaituta egoteko. Hala, helduen saioak 19:00etan egingo dira, eta ez 19:30ean, orain arte egiten zen bezala. Haurren zinema emanaldiak, berriz, 16:30ean egingo dira, orain arte bezala. Zine emanaldien kasuan, sarrerak leihatilan bakarrik egongo dira salgai. 

Amaitzeko, Musika Eskolaren jarduna eta Kultur sailak Forondan antolatzen dituen ikastaroetan ez da aldaketarik izango.