Herria bildu du ostalaritza sektorearen aldeko manifestazioak

IƱigo Gaiton 2020ko aza. 8a, 15:42

Herritarrek erantzun zabala eman diote ostalariek egindako deiari, eta jendetza juntatu da 13:00ean Beheko plazatik abiatu den manifestazioan. Emozio uneak izan dira ehunka lagun bildu duen kale agerraldian.

Ostalaritza sektoreak manifestaziorako deia egin zuen gaur eguerdirako, Eusko Jaurlaritzak agindutako azken neurrien aurrean haserrea adierazteko. Atzo, larunbatarekin, indarrean sartu zen tabernak eta jatetxeak ixteko agindua, eta horrek sumindura eta egonezina sortu ditu sektoreko langileengan.

Hala, gaur eguerdian Zumaiako kaleak bete dituzte ehunka lagunek, eta manifestazio jendetsua egin dute Beheko plazatik abiatuta. Herrian buelta egin eta gero, toki berean bukatu dute elkarretaratzea.

Mobilizazioan emozioz beteriko uneak izan dira, eta manifestariek indarrez errepikatu dituzte zenbait aldarri; "Ostalaritza bizirik!" izan da errepikatuena. Tartean, ostalariek esker oneko oihuak ere egin dituzte herritarren babesa eskertzeko. Txalo zaparrada luzearen ondoren, "Gora herria!" aldarriarekin amaitu dute manifestazioa.