Euskaraldia 2020

300 'arigune' izango dira Zumaian aurtengo Euskaraldian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko aza. 6a, 13:17
Ezkerretik eskuinera: Maialen Alberdi, Sara Saizar, Lourdes Salsamendi, Alazne Aizpurua eta Andoni Mantzisidor. (Dorleta Agiriano Lai)

Zumaian 112 entitatek hartuko dute parte Euskaraldiaren bigarren edizioan, eta 300 arigune sortuko dituzte. Irekita dago oraindik norbanakoek ahobizi edo belarriprest modura izena emateko epea.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da Euskaraldiaren bigarren edizioa. "Herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera handitzea" da ekimenaren helburu nagusia, eta 2018an egin zen aurrenekoz. Orduko hartan, 9.000 pertsonak hartu zuten parte Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian.

Aurten ere bide emango diote Euskaraldiari Urola Kostan, eta berrikuntza modura, "norbanako bezala parte hartzeko aukeraz gain", ariketa soziala taldean egiteko aukera izango da. Horretarako sortuko dituzte ariguneak deiturikoak, herriz herri. Tokian tokiko entitateek Euskaraldian izena eman dute aurreko asteetan, ekimenean ariguneak osatuz parte hartzeko. Hain zuzen, "euskaraz lasai aritzeko guneak" izango dira ariguneak, eta hasiera batean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egongo dira martxan.

Guztira, 500 entitatek egin dute izen-ematea Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian, eta 1.210 arigune sortuko dituzte bost herri horietan. Zumaian, zehazki, 112 entitate batu dira dinamikara, 300 arigune inguru ahalbidetuz.

"Norbanakotik kolektibora"

Sara Saizar Euskaraldiaren Zumaiako eta Getariako dinamizatzaileak azaldu duenez, "emankorra" eta "berritzailea" izan da "urte osoko ibilbidea". Aurten ere ahobizi eta belarriprest modura parte hartuko dute norbanakoek, baina horretaz gain, "norbanakotik kolektibora jauzi egin" eta ariguneen bidez ariketa taldean ere egitea sustatu dute. "Nolabait, ariguneek bermatuko dute uneoro euskaraz hitz egiteko aukera: bai entitateetan bertan, baita entitateek kanpora begira dituzten harremanetan ere", dio Saizarrek.

Zarauzko Arrona-Induo eta Zumaiako Ostolaza Zumaia SL enpresak dira bi adibide. Bat egin dute aurtengo Euskaraldiarekin, eta arigune lanetan aritzeko erronkari helduko diote. Ostolazako ordezkari Maialen Alberdik adierazi du "euskal eremu gisa identifikatu" nahi dutela haien "etxea": "Kontziente gara lan munduan euskarak dituen gabeziez eta, ondorioz, euskararen normalizazioan eman behar diren urratsez".

Arrona-Induoko ordezkari Andoni Mantzisidorrek dio "gogotsu" daudela "Euskaraldiak iraungo duen hamabost egun horietan enpresako hizkuntza-ohiturak astintzeko"; "eta ahal dela, ea hamaseigarren egunetik aurrera ere aldaketa on horiei eustea lortzen dugun", gehitu du. Euskaraldia "aurreiritziekin hausteko aukera" izango dela irizten dio, "eta aurreiritziak aurreiritzi, beti lehen hitza euskaraz egiteko ahalegina" egingo dutela nabarmendu du.

Hamaika sektore

"Euskararen normalizazioan benetako urratsak ematen jarraitzeko oinarri sendoak egonkortu izanari" egin dio azpimarra Saizarrek: "Lortu dugu urte gorabeheratsu honetan eskualdeko bost herrietan lan batzordeak osatzea". Bestalde, gogora ekarri du "sektore zeharo ezberdinetako entitateek" hartuko dutela parte Euskaraldian: "Erakunde publikoak, osasun zentroak, ikastetxeak, komunikabideak, enpresak, alderdi politikoak, sindikatuak, tabernak eta jatetxeak, dendak eta saltokiak, kirol taldeak, kultura elkarteak, herriko eragileak...".

"Gure egiten dugu, urratsez urrats, euskara ahalik eta esparru gehienetara zabaltzeko helburua", esan du Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Lourdes Salsamendik. UKUEk eta Euskaltzaleen Topaguneak iaz sinatu zuten lankidetza hitzarmena Euskaraldiaren bigarren ediziorako.

Norbanakoen izen-ematea, zabalik

Saizarrek azaldu du oraindik izena eman dezaketela norbanakoek, ahobizi edo belarriprest gisa. Online egin daiteke izen-ematea helbide honetan.