Krisia "betikoen bizkar" uztea gaitzetsi eta inbertsio publikoa eskatzeko protestara deitu du Zumaiako Sortuk

Maria Maya Manterola 2020ko aza. 5a, 11:50

Diru publikoa sektore kaltetuenak laguntzeko inbertitzea eskatuko dute, eta ez "interes ekonomiko jakin batzuei" erantzuteko. "Arduragabeak haiek izan direla salatuko dugu", gaineratu dute.

Zumaiako Sortuk elkarretaratzea deitu du hilaren 7rako, larunbata. Krisia "betikoen bizkar" uztea onartuko ez dutela eta deitu dute protesta. Era berean, inbertsio publikoaren beharra aldarrikatuko dute. Saregileen plazan izango da elkarretatartzea, 12:30ean hasita.
 
"Kaleak poliziaz betetzeaz" gain, agintariek "AHT eta antzeko makroproiektu zentzugabeetara" dirutza bideratu dutela salatu du Sortuk, baita "Iberdrola eta Petronor enpresetara ere". Bitartean, ardura "herritarron bizkar gainean" jarri dutela uste dute, "arduratsu jokatu duten horiengan". "Arduragabeak haiek izan direla salatuko dugu; horren adibide da daukagun egoera. Diru publikoa osasun publikoan eta sektore kaltetuenei laguntzeko inbertitzea eskatuko dugu, eta ez interes ekonomiko jakin batzuei erantzuteko", azaldu dute.

Agintarien arduragabetasuna salatzeaz gain, eskaera zehatzak egingo ditu Sortuk. Alde batetik, koronabirusaren arakatze eta detekzio gaitasuna handitzeko baliabideak biderkatzea galdegingo du. Gainera, zerbitzu publikoetan inbertsio publikoak indartzeaz gain, eskatuko du sektore ekonomiko eta sozial zaurgarriei laguntza ekonomikoak bermatzeko. 
 
Inbertsio publikoen alde, laguntza sozialen alde eta "funtsean, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren nahiz burujabetzaren alde" mobilizatzeko deia egin du Sortuk ondoko irakurketan:

"Non dago diru publikoa?

Une zailak bizi ditugu. Ziurgabetasun handia bizi dugu. Zinez ez dakigu bi edo hiru aste barru zein egoeratan egongo garen. Horregatik egin nahi diegu lehen aipamena autonomoei, negozio txikiak dituzuen jendeari, kultur munduko langile eta sortzaileei, jan ahal izateko bi edo hiru lan dituzuenei, hilabete bukaerara iristeko inoiz baino zailtasun gehiago dituzuenoi, osasun langile eta zaintzaileei. Zuekin gaude eta, orain arte bezala, gure onena emango dugu egoera zail hau lehen bait lehen gainditu eta inor bazterrean gera ez dadin.

Egoera oso larria da. Milioi bat biztanleko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea gara mundu mailan. Europako kutsatze maila altuenetakoa dugu. Eta hospitaleetatik jada SOS dei bat egiten ari dira berriz ere. Ipar Euskal Herrian jada konfinatuta daude eta Hegoaldean egun gutxitan egoera berean egon gaitezke.

Egoera honetara iritsi izanaren ardura osoa jendearen gain botatzeko interesa dago. Baina ardura nagusia etxekolanak egin ez dituzten gobernuena da. Udaberrian etxean konfinatuz herritarrok egin genuen ahale- gina ez dute baliatu birusari aurrea hartzeko. Ez dituzte beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan. Kontrara, koronabirusa gainditutzat eman dute erlaxamendu orokorra bultzatuz, interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan. Guztion buruan dago iltzatuta Urkullu eta Revillaren argazkia Kantabriako mugan.

Martxoan berandu eta gaizki ibili ziren eta orain ere hala ari dira. Berriz ere halako ahalegin bat eskatuko badigute, oraingoan bai, egin beharreko inbertsio guztiak egin behar dira. Ezin gara balizko hirugarren olatu batera egoera honetan iritsi.

Helburua, esan izan dutenez, “birusarekin elkarbizitzea” izan da ekonomia salbatzeko. Bada, emaitza argi dago zein den: ez osasuna eta ez ekonomia. Argi esan behar dugu: osasunik gabe ez dago ekonomiarik. Birusa geldiarazteko arakatze aparatu potente bat osatu behar da eta neurri zorrotzak garaiz hartu, neurri horiek atzeratzeak birusa deskontrolatu ondoren are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baitakar.

Osasunean inbertsio publikoak biderkatzearekin batera, sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko laguntza ekonomikoak biderkatu behar dira. Krisi hau ezin dugu betikoek ordaindu. Eta ez dezatela esan dirurik ez dagoela, ze badago.

Azkenik, datorrenerako prestatu behar gara. Aste gogorrak datoz. Berriz ere elkar zaintzeko deia egiten dugu, arduraz jokatzekoa. Eta bestetik, inbertsio publikoen alde, laguntza sozialen alde eta funtsean, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren alde eta burujabetzaren alde mobilizatzen, borrokatzen segitzeko deia luzatzen dugu.

Herri honek duen sen komunitarioa, gure baliorik onenak aktibatzeko garaia da berriz ere: elkartasuna, auzolana eta interes indibidualen gainetik, interes kolektiboen alde dena ematea. Hori da esperantzaren atea zabaltzeko giltza.

LEHENIK HERRIA!"