Maria Martinez: “Disko bat ateratzeko adina kantu baditut, baina forma eman eta moldatu egin behar ditut”

Gitarraz eta ahots eztiz, hainbat kontzertu eman izan ditu Maria Martinez abeslariak (Zumaia, 1999), normalean, bertsioak kantatzen. Duela hilabete batzuk, ordea, jauzia egin zuen bere musikari ibilbidean, eta lehendik jendaurrean abestu izan bazuen ere, Interneten zintzilikatu zuen bere lehen abestia. Kantu lasaiak eta balada erromantikoak sortzen ditu, eta sortzen duena txukun grabatu ahal izateko azpiegitura eskuratu duenetik, kaxoian gordeta dauzkan konposizioei hautsa kendu, moldatu, grabatu eta zabaltzen jarraitzea da bere asmoa.

Zure lehen abestia, Nada es igual, entzungai dago plataforma ezagunenetan. Zer moduzko harrera eduki du?

Oso ona, uste genuena baino hobea. Orain jarraitu egin behar dugu abesti berriak grabatzen, asko dauzkadalako konposatuta. Apurka-apurka horiek etxean grabatzen eta Internetera igotzen nahi dut joan, ea zer moduz ateratzen den proiektua.

Zeinek osatzen duzue proiektua?

Nik egiten ditut abestiak eta Unai Aranbarri da nire eskuin eskua; denean laguntzen dit. Bideoklipak egiten dizkit; esaterako, Youtuben ditudanak berak egin ditu. Nada es igual Spotify plataformara igotzeaz ere bera arduratu zen.

Musika etxean grabatu ahal izateko estudio moduko bat oparitu zidaten, eta etxean grabatzen dut horri esker. Horren ondoren, Unaik egiten du guztia. Oso trebea da horrelakoetan. Eskerrak hari, bestela, galduta egongo nintzateke zenbait kontutan.

Orain arte beste batzuek egindako kanten bertsioak abestu izan dituzu. Noiz hasi zinen sortzen?

Nada es igual abestiak, esaterako, hiru urte egingo ditu laster. Abesti asko dauzkat sortuta, baina ondo grabatzeko materialik ez neukanez, alboratuta egon dira. Orain aukera daukat grabatzeko eta erabaki dut martxan jartzea. Izatez, disko bat ateratzeko adina kantu baditut, sobran, baina forma eman eta moldatu egin behar ditut. Orain arte zailtasunak izan ditut txukun grabatzeko, baina orain azpiegitura badaukadanez, nire asmoa da pixkanaka grabatzen joatea, ikusteko zer moduz funtzionatzen duten.

Kontrakoak ere asko entzuten badira ere, hainbat artistak diote itxialdia baliatu dutela sortzeko. Zuk sortu al duzu ezer?

Bai, pare bat abesti berri asmatu ditut, baina oraindik osatzeko dauzkat. Nik gitarra bakarrik jotzen dut, eta, orain, etxean daukadan programarekin, posible dut osagai berriak sartzea abestiari. Maketa bat egiten dut eta aitari erakusten diot normalean berak kontrolatzen duelako, eta hark esaten dit zer falta zaion edo zer duen sobran.

Gustatuko litzaidake musika kontrolatzen duen jendearekin hitz egitea nire abestiak osoagoak izateko. Ondo legoke instrumentu gehiago sartzea, baina oraingoz ez dut egin.

Baduzu zerbait zehatza buruan?

Adibidez, gure kuadrillako Oihana Rodriguez artista handia da pianoa jotzen, eta komentatu izan dut harekin abesti batzuetan ondo etorriko litzaidakeela piano apur bat sartzea. Azkenean, gitarra batekin soilik asko mugatzen da kontua.

Behin abestiak atera eta gero, ea jendeak zer iritzi duen, gustatzen zaien edo ez, ikusi beharko da. Aurrerago, ikusiko dut beste zerbait ateratzen ote den. Ez da erraza ekoizleren bati zuk egiten duzuna gustatzea, baina nire helburua da nire abestiak ateratzen jarraitzea.

(Urriko Baleike aldizkarian argitaratu genuen elkarrizketa hau)