Bazkideentzako argazki lehiaketak egingo ditu hilero Distira elkarteak

Juan Luis Romatet 2020ko aza. 1a, 09:59
David de Llodioren argazki hau izan zen iraileko lehiaketako irabazlea

Bizi dugun osasun egoerarekin zaila da ohiko argazki lehiaketa bat antolatzea. Hala ere, geldirik egoteko asmorik ez eta Zumaiako Distira Argazki Elkarteak bazkideen arteko argazki lehiaketa antolatu dute. Hilero gai bat izango dute argazkiak ateratzeko. 

"Aspalditik genuen bazkideon arteko barne lehiaketaren bat egiteko ideia buruan. Beste elkarte batzuetan egiten diuzte halako saioak, eta gure asmoa irailetik maiatzera bitartean egitekoa da", azaldu du elkarteko kide Soraya Lopezek. Distira elkarteak 40 bazkide ditu une honetan, eta horiek guztiek izango dute lehiaketan parte hartzeko asmoa. 

Pasa den udan eman zituzten datorren udaberrira bitarteko gaiak, eta irailean egin zuten lehen lehiaketa. "Hamabi lagunek hartu zuten parte, eta guretzako garaipen bat izan zen. Distirako ia inork ez dugu lehiaketetan parte hartzen, herri mailako lehiaketan ez bada. Ez gara lehiatzen aritzen, eta halako interesa erakustea, bereziki Distiran azken aldian sartu direnen aldetik, hori oso ondo dago", nabarmendu du Lopezek. Iraileko irabazlea David de Llodio izan zen.

Aukeratutako gaiak lantzeko errazak direla uste du elkarteko kideak. "Iraileko gaia librea zen, baina zuri beltzean. Urrian 'zuhaitza/zuhaitzak' izango da eta gero eskuak, gaueko argazkia, librea baina koloretan... Gai irekiak dira". Elkarteko kide batek hartu du lehiaketa antolatzeko ardura, eta norberaren artxibotik argazkiak aurkezteko aukera ere zabalik utzi zuela dio Lopeek. "Baina, egia da argazki berria izatea baloratzen dela".

Elkarte bertako kideek osatutako epaimahai batek hileko argaki onena aukeratuko du, eta hilabete horretako hiru irudi onenak Distiraren webguneko atal publikoan erakutsiko dituzte. "Epaimahaiak argaki bakoitza bozkatuko du gu eta guk, bazkideok, atal pribatuan ikusi ahal izango dugu argazki bakoitzak zenbat boto jaso dituen. Bozketaren ondoren debate bat egiteko asmoa dugu, epaimahaiaren iritzia jakiteko eta, hala, ikasten joateko, hori da eta benetan inporta duena".

Osasun krisialdiak ohiko lehiaketak antolatzea zaildu duela iritzi dio Lopezek. "Udalarekin batera antolatzen dugun zuri beltzeko argazkien lehiaketako bozketa online egin dugu aurten, erabiltzen dugun plataformak hori egiten zuten zuelako. Gero, berdinketak izan zirenean, WhatsApp bidez hartu behar izan zituzten erabakiak. Abenduan Zarautzen egingo den lehiaketa baterako epaimahaikide izateko gonbidapena jaso dugu, eta ez dakigu oraindik joatea izango dugun ala ez".