Herritarren Arreta Zerbitzua sortzeko programa onartu du osoko bilkurak

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 30a, 12:05

‘Zumaiako Udaleko giza baliabideak antolatu eta arrazionalizatzeko programa’ aztertu zuen atzo Zumaiako Udaleko urriko ohiko plenoak. Antolaketa berriarekin Herritarren Arreta Zerbitzu bateratua (HAZ) sortuko du Udalak. Proposamena ahobatez onartu zuten. 

Herritarren arreta zerbitzu bateratua osatzeko programa onartu zuen atzo urriko ohiko osoko bilkurak. Plenora bertaratu ziren zinegotziek ahobatez onartu zuten herritarrei arreta zerbitzu integrala emateko asmoa duen programa hau. Udalak jakitera eman duenez, tramitazio administratiboko funtzio batzuk ere egingo ditu, "elkarren artean egindako lankidetza-hitzarmenen bidez".

Orain arte udaleko sail desberdinetan banatuta zegoen arreta zerbitzua, eta antolaketa honekin zerbitzu hori behar berriei egokitzea izango da, aldi berean, tres eraginkorragoa bilakatuz. Udalak azaldu duenez, etorkizunea "desagertu" egingo dira udal sailen arreta-zerbitzuetan orain arte erabiltzen ziren moduak, eta “kudeaketa” eta “arreta” bereiziko dira aurrerantzean. "Horretarako, Herritarren Arreta Zerbitzua sortuko da. Zerbitzu horrek sail guztiekin eta guztientzat egingo du lan, eta hori izango da herritarrek Udalean izango duten ataria, herritarrengandik gertu egoteko", gaineratu du. Programa azaroaren 1ean indarrean sartuko dela azpimarratu dute.

Bestalde, fatxaden birgaitzerako hobariak ere onartu ditu osoko bilkurak, San Jose 8 eta Otezuriren eraikinetarako. Halaber, urriaren 29an egindako ezohiko Tokiko Gobernu Batzordean Zumaiako Arritokieta kalea 8an hotel txiki bat eraikitzeko oinarrizko proiektuari onarpena ere eman zaio.