Paola

Amets Arzallus 2020ko urr. 30a, 08:31
Argazkia: Maria Maya Manterola

3+1 20" erakusketa ikusteko azken egunak dira hauek. Ana Roman artistaren erakusketa igandera bitartean izango da zabalik Alondegiko Oxford aretoan. Erakusketa honetarako idatzi hau prestatu du Amets Arzallusek.

Paola

Itsasoak harria miazkatzen du eta hiztunek hitzak. Eta azkenean, hitzek eta harriek amore ematen dute, eta zatika-zatika apurtzen joaten dira. Apurtzen eta laburtzen. Eta nortasun partikular bat hartzen dute. Eta toki horretan beste inon ez bezalakoak bihurtzen dira.

Zumaiako “farolak”, eraiki zutenetik hona, makina bat olatu ezagutu du. Eta olatuen joan galdu ditu harriak eta R bat. Eta euskal hitz askori bezala, hasierako F hori P bihurtuko zitzaion noizbait. Eta ordutik perkusio kolpe batekin hasten da, Paola. Talaimendiko muino horretan, haizearen kilima ufada baino gehiago baita joa. Hitzen musikak beti zerbait esaten du.

Orduz geroztik, Kantauri aldean “paola” entzuten duenak badaki nongo itsas-argiaz ari zaizkion hizketan. Ez du argi-seinaleen zain egon beharrik.

            …

Paol-bidea

Parisen Eliseo Zelaiak, Bilbon Gran Via, eta Zumaian paol-bidea.

“Zumaia Arritokietatik hasi huan!” zuzenduko dit etxekoren batek, edo “gure kale nagusia Erribera dek!”, auzoko batek. Paol-bidean ez da txikiteorik, ez udaletxerik, ezta shoppingik ere. Baina paol-bidea da niretzat Zumaiako arteria nagusia.

Adin guztietako pausoen neurrira egina. Haurrek ikasteko, zaharrek ez ahazteko. Izerdia mugitzen du baina ez du ateratzen. Estamua zabaltzen du, eta ez du nekatzen. Sedentarioek kirola egin dezakete, kirolariek giharrak paseatu. Giza psikologiaren eta gorputzaldien kapritxo guztiak asetzen ditu paol-bidearen neurriak.

Presaka dabilenaren ordularian ere kabitzen da joan-etorri bat. Presarik ez duenarentzat bankuak ditu, eta itsasoa begipean. Eta begiratzearren, edo ibiltzearren, ez zaio makina bati txanponik erantsi behar, oraingoz.

Bakarrik ibiltzeko paisaia ederrekoa da, kaioekin airatzen da gogoa. Konpainian joan ezkero ondokoaren etorri klase guztiak orekatzen daki. Hiztun onarekin konbertsatzeko badu bide puska bat. Lagun astunarekin ibiltzeko ez da luzeegia.

Ez dakit zehazki zenbat metro den, edo itsas mila bat izatera iristen ote den, baina paol-bidearen neurria hartu zuena ez zen ingeniero makala.

            …

Lehen oroitzapena

Entzun izan dut memoria ura dela. Ura dela gure oroitzapen txikien altzo organikoa, euskarria, edo sekretua. Iraganak gure baitako putzu txiki batzuetan irauten omen du.

Hiruzpalau urte izango nituen, asko jota bost, garai hartan udara Zumaian pasatzen genuen arreba zaharrenak eta biok. Nire bizitzako lehen oroitzapen printzak ordukoak dira. Osabak narama, bizikleta beltz baten atzeko pardelean, hankak zintzilika. Paol muturreraino eraman ninduen, eta ez dakit bertigoa sentitu nuen, edo paisaiaren ederra, edo olaturen batek zipriztindu ote ninduen, ez dakit. Baina hura da nire bizitzako lehen oroitzapen bisuala. Osaba txirrindan, eta ni pardelean. Eta biak paolean.

Orain, begiak itxi eta lehen eszena hartara itzultzen naizenean, bizikleta ur gainean balebil bezala bizi dut. Paol muturretik pixka bat aurrerago segitu izan bagenu bezala, itsaso gainean. Badakit ez dela posible baina nik hala bizi dut.

Memoriak ura ardo bihurtzen du.

            ...

Avenida de la Republica

Ia mende bat pasa da, eta historiaren ubera zabal honetan zumaiar batzuren gorpuen bila gabiltza. Oraindik ez dira azaldu. Norbaitek non dauden baleki, esan dezala egia zatika edo osorik, baina bekar egia, guk guztiok nor izan ziren ahantzi baino lehen.

Paolak badaki zerbait garai politikoen aldakortasunaz. 1931tik 1936ra paol-bideak Avenida de la Republica izena hartu zuen. Liburu batean irakurrita jakin dut, ez inori entzunda, etxean ez dut sekula halakorik aditu. “Sukaldeko paretek ere belarriak zeuzkaten” zioen gure amonak, eta ez zuen gerra aurreaz, edo gerra garaiaz, gehiegi hitz egin nahi izaten. Ikara lapa bezala itsasten da.

Baina liburu batek esan dit: Avenida de la Republica. Ez dakit garai hartako zumaiarrek izen hura inoiz ahoratuko ote zuten, bost urte ez da aski lur toponimo bat erro dadin. Baina pentsatzen dut ez erabiliagatik ere, zumaiar askok izen hura irakurtzen zuen bakoitzean, arnasa pixka bat hartuko zuela; Avenia de la Republica. Oxigeno trago bat, bi diktadura latzen arteko parentesian.

Lehengoan emakume xahar bat ikusi nuen, bakar-bakarrik, paol-bidean. Bi bastoi hartuta zihoan oinez. Laurogeita hamar urtera arrimatua izango zen, pasatua ere bai agian. Hiru edo lau pausoan behin, gelditu eta haizeak harrotutako ilea orrazten zuen. Eta koloreak ordenatu. Ile urdindua metxa berde-hori eta more batzuekin apaindua zeraman.

Avenida de la Republica haren buruan zebilen.

            …

Pako Rata

Paol-bidea Amaia plazan hasten da. Pako Rataren malefizioa auskalo non.

Pako Rata, ponte izenez Francisco Urrestilla, pertsonaje bat izan zen Zumaian, herrian esaten den bezala, “famosua”. Norbaitek bota zion begikoa, eta herrian zernahi desgrazia gertatzen baldin bazen, errua beti hari egozten zitzaion. “Gure baserrian azeriak zortzi oilo eraman dizkin, Pako Rataren kulpa!”, edo “aurten Telmo Deunak ez dik banderarik ekarri, Pako Rataren kulpa!”. Zernahi gertatzen zela ere, Zumaian beti zen Pako Rataren kulpa.

Tarteka, egun batzuk pasatzen omen zituen kalabozoan, auskalo nork eta zergatik salatuta.

Garai hartan, frankismo gorrian, Koxme Iraundegi zen Zumaiako alkatea. Ziurrenera, Pako Ratak baino parte handiagoa izango zuen herriko familia askoren desgrazian, baina ez zuen hark sekula gaurik pasatzen kalabozoan. Izatekotan ere beste inori pasarazi. Frankista baitzen, izan, Koxme Iraundegi.

Goiz batean, Iraundegi alkatea paol-bideko paseotik bueltan zetorrela Amaia plazako banku batean eserita ikusi zuen Pako Rata. Ikusi orduko, gerturatu eta “ba al dakik noa nitxian?” galdetu ei zion. Pako Ratak ezetz buruarekin. Orduan, “a la novena”, kontatu zion Iraundegik. Errezatzera alegia, Arritokietako ama birjinari bederatzi hurrena errezatzera. “Segi ba” despeditu zuen Pako Ratak.

Baina alkateak bidea hartu eta bost pauso eman zituenerako, Pako Ratak alde hartara burua jiratu eta ahopean esan omen zuen: “en balde”.

            …

Gure aitona

Egunero egiten zuen paolera joan-etorria. Elurra egin edo eguzkiak asfaltoa erre, ez zuen sekula hutsik egingo. Batzuetan lagunekin, askotan bakarrik, azken urteetan bastoiarekin. Etxeko alfonbra bezain maitea zuen paol-bideko adokin higatua.

Paol-bidea hori baita: adokina eta itsasoa.

Adokina ez da apenas aldatzen, baina itsasoak egunero aurpegi ezberdina du. Eta ispilu bati bezala begiratzen badiozu zure alde berri bat esnatzen du aldi oro. Edo alde zahar bat, zahar-zaharra, baina zuk zehaztasun horretan inoiz ikusi gabea. Itsasoak, Artzeren poema lanbrotsu hark bezala, zure baitako bazter miresgarriak ikusten laguntzen du.

Paol-bidea hori baita: zure baitarako estrata.

Eta egunero abiatzen zen gure aitona, bere gerra garaiko oroitzapenak berritzera, edo Andaluzian langileentzako kontzentrazio esparruetan eraginarazi zizkioten miseriak ahaztera, edo auskalo zein akordu edo korapilo askatzera. Edo besterik gabe, egun berria esnatzen ikustera, iraganeko hariak biharamunarekin nolabait lotuz.

Paol-bidea hori baita: itsasoaren txeloan, pauso-hotsen taupada bat.

            …

Erraldoien Galtzada

Zumaiak Itzurungo labarrak ditu eta Irlandak Erraldoien Galtzada.

Biak ala biak, duela hirurogei bat milioi urteko fenomeno naturalek sortu eta gaur arte iraun duten paisaia arrasto ederrak, ederrak bezain emankorrak. Auskalo munduko begiek zenbat diru uzten duten turismoaren eltze itsuan.

Erraldoien Galtzada Ipar Irlandako Antrim konderriko itsas ertzean dago. Basaltozko piezak dira, adokin hexagonalak, denak berdin-berdinak. Su mendi baten tximiniatik ateratako laba, kolpez hoztu eta forma geometriko berezi horretan, behin betiko harri bihurtua. Naturaren esku lana. 

Baina naturak ez ezik jendeak ere bai baitu irudimena, norbaitek leienda eder bat asmatu zuen galtzada hari norabide berri bat emanez. Kondairak dioenez, gure Altzokoa baino lehen ba omen ziren bi erraldoi Europan: Finn irlandarra eta Bennandonner eskoziarra. Baina bi erraldoiok ere uno setenta-ko jende askoren gaitz bera, bista ona baina elkar ezin ikusi, eta bakoitza bere lur muturretik beste aldekoari harrika ibiltzen omen zen. Hala, hainbeste harri bota zioten besagainka elkarri, azkenerako itsas gainean bide zabal bat osatzera iritsi zela. Ipar Irlandatik hasi eta Eskoziako Hebrida uharteetarainoko galtzada luzea.

Hori da kondairaren hasiera, eta bukaerak bide haren zati bat itsaspera nola hondoratu zen kontatzen du, fantasia handiz. Nola hondoratu zen zati bat, eta nola gelditu zen agerian puska txiki bat. Hain zuzen ere, hondoratu ez zen zati hori da Irlandako Antrim konderriko itsas ertzean ikusten dena, eta zapal litekeena. Urtero ehundaka mila turista biltzen da hara. 

Zumaiako paol-bidea ez zuen naturak egin. Alderantziz, naturaren kontra eraiki zen, portu sarrera olatuetatik babesteko, txalupei bidea goxatzeko, eta bidenabar jendearen begiak gozatzeko. Harrizko balkoi bat itsaso gainean, langileen eskuz eraikia.

Langile haiek denak hilak izango dira, baina haiek deskantsuan egonagatik luza eta luza segitzen du paol-bide zaharrak. Azken luzatua gure aitonaren pausoak laburtzen hasi zirenean hartu zuen, ni nerabea nintzela. Bizpahiru ziento metro gehiago itsaso gainean.

Ez dakit erraldoi bat ari ote den harrika, edo geu ari garen erraldoi bati hormigoika. Dakidana da, memoria ura den bezalaxe, urak ere baduela bere memoria.

 

Erakusketa azaroaren 1era arte egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Asteburuan eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara. Pandemia egoera dela eta, aforua zainduko da.