Luis Llavoriren argazki bat aukeratu du aldundiak 2021eko egutegirako

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 26a, 09:44

2021ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 1.115 argazki aurkeztu dira lehiaketara, eta irabazlea Iker Aizkorbe izan da. Luis Francisco Llavoriren lan bat ere aukeratu du aldundiak egutegirako. 

Aurtengo lehiaketarako aukeratutako gaia Gipuzkoako turismoa izan da eta, aurkeztu diren lanen bitartez, “lurraldeko turismoa, altxor naturalak eta biodibertsitatea balioan jartzen duen” egutegia osatu ahal izan da. Imanol Lasa turismo diputatuakk gogoratu duenez, COVID-19 gaitzaren pandemia dela eta, Foru Aldundia lurraldean turismoa suspertzearen alde eta sektore ekonomiko honetako jarduera dinamizatzearen alde ari da lanean.

Foru Aldundiaren eta Argazkilari Elkarteen ordezkariek osatutako batzordeak aukeratu ditu 13 argazki irabazleak, eta baloratu dituzten arloen artean dauden irudien kalitate tekniko zein artistikoa eta aurtengo gaiarekin duten erlazioa. 

Aukeratutako argazkien artean dago Llavorirekin (hemen ikus daitekeena), eta 2021eko egutegiko azaroko orrian joango da.