Pilota txapelketetako azken partidak "aurrerago jokatzeko" asmoa erakutsi dute antolatzaileek

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 24a, 12:00

Esku pilota eta pala txapelketa herrikoiak azken fasean sartuta zeuden pandemia bere aurpegi gogorrena erakusten hasi zenean. Hala, gaitza ez hedatzeko neurri berriak ezagutu arte, txapelketa etetea erabaki zuten antolatzaileek. Behin neurriak ezagututa, txapelketak berreskuratzea erraza ez dela izango onartzen dute. 

Aste honetan ziren jokatzekoak esku pilota txapelketako finalerdiak eta pala txapelketako final laurdenak eta finalerdiak; azken partidak datorren asteburuan jokatuko zituzten. Tartean, baina, koronabirus kasuen igoera izugarria izan da herrian, eta antolatzaileek txapelketa hauek etetea erabaki zuten, gaitza ez hedatzeko neurriak ezagutu arte. 

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak ostegunean eman zituen pandemia ez hedatzeko neurri murriztaileak, eta horietako bat kirolari zuzendutakoa zen: Abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean. Gainerako herritar guztiek kirola bakarka egin beharko dute.

Hala, eta egoera hobetu arte, bertan behera geratuko dira esku pilota eta pala txapelketa herrikoiak. Antolatzaileek esan dutenez, txapelketetako azken partidak "aurrerago jokatzeko asmoa" dute, baina onartzen dute ez dela erraza izango.