Eneritz Etxabe: "Egoera astuna egiten ari da denbora pasa ahala, baina oraindik badugu aurrera egiteko indarra"

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 24a, 16:30
Lanean kutsatu zen Etxabe, Donostiako adinekoen egoitza batean. (Utzitakoa)

Eneritz Etxabe zumaiarra gizarte langilea da Donostiako adinekoen egoitza batean. Izurritearen aurreneko kolpea nahikoa ondo pasa zuten han, baina bigarrenarekin estuago dabiltza. Duela egun gutxi pasa du gaitza berak.

Nola eragiten ari da bigarren olatua zure eguneroko lanean?
Egia esan, indartsu jo du gure egoitza. Udaberrian nahikoa ondo moldatu ginen, baina azken bi asteotan gora behera gehiago ari gara izaten, langileon eta egoiliarren artean positiboak egon direlako.

Zer nolako aldartea duzue lankideen artean?
Izurritea nahikoa luze jotzen ari dela iruditzen zaigu, egoera astuna egiten ari da. Oraindik baditugu indarrak aurrera egiteko, baina presioa ere atzematen dugu. Eguneroko lana neketsua egiten da protokolo eta segurtasun neurriak gorde beharraren ondorioz, eta egoiliarrekin ere hotzagoa da harremana. Hala ere, esan bezala, aurrera egiteko indartsu gaude.

Eta egoiliarrak nola daude?
Ziurgabetasun puntua atzematen da haien artean. Egoitzan positiboak izaten direnean bisitak debekatzen dira, eta horrek eragin handia du haiengan. Saiatzen gara bideo-deiak eta halakoak egiten, baina ez da berdina, kontaktu fisiko eta emozionala asko jaisten delako. Egoiliarrengan bisiten faltak dakartzan ondorio negatiboak kontuan izanik, egoitzetako isolamenduen gaiak zalantzak sortzen dizkit.

Zer iritzi duzu agintarien lanaren inguruan?
Saiatzen dira errekurtsoak ematen eta egoera kontrolpean izaten, baina nire lan esparruari dagokionez, hutsuneak daudela esango nuke. Gabeziak sentitzen dira.

Eta gizartearen jokabidearen inguruan?
Bigarren olatu hau hasi aurretik, uda pasa eta ondorengo asteetan, lasaitze moduko zerbait egon zen, Zumaian behintzat. Orain, azken oldarraldiarekin, jabetu gara egoeraren larritasunaz, eta berriz ere adiago gaude. Berriro neurriak zorrotzago hartzen ari garela atzeman dut inguruan.

Koronabirusa pasa duzu azken asteetan. Zer nolako esperientzia izan da?
Lanean kutsatu nintzen, birusak egoitzan izandako oldarraldi batean. Lan askorekin ibili ginen egun batzuetan, neurri guztiak gordez beti, eta jai eguna hartutakoan hasi nintzen sintomekin; buruko mina eta gorputz osoko egonezina, batez ere. Geroago, usaimena eta dastamena ere galdu nituen. Zorionez, ez dut sukarrik izan.

Zer izan da gogorrena gelan bakartuta egindako egunetan?
Gaixotasunari dagokionez, aurreneko aste eta erdian edo izan nituen sintomak, eta gogorra izan zen. Nekea, berriz, konstantea izan da gelan pasatako bi asteetan, eta faktura pasa dit. Psikologikoki, lehen egunetan ez nuen kalera ateratzeko gogorik, leher eginda nengoelako, baina azken egunak luzeak egin dira, gorputzaldi hobea izan eta gelan sartuta egotera behartuta nengoelako.

Gaitzarekiko pertzepzioa aldatu al zaizu ondoezik egon ondoren?
Beno, lanean ikustea tokatu zaidanagatik, lehendik ere gaixotasunaren arriskuez kontziente nintzen. Orain, pasa eta gero, gehixeago ziurrenik.

Baikorra al zara aurrera begira?
Urte bukaerara begira, ez dut esperantza handiegirik, hilabete zailak izango dira hurrengoak. Datorren urteari begira, berriz,  baikorragoa naiz. Familia eta lagunarteko kontaktuak normaltasun gehiagorekin eduki ahal izatea espero dut.