Positiboen gorakada dela eta herrian bertan behera geratu diren zerbitzu eta ekitaldien zerrenda

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 23a, 16:54

COVID-19ari aurre egiteko prebentzio neurri gisa, bertan behera geratu dira datozen egunetan herrian egitekoak ziren kultur ekitaldi zein kirol jarduerak. 

Koronabirusa hedatzea saihesteko prebentzio neurri gisa, hainbat neurri hartu dituzte erakunde publikoek azken orduetan. Alde batetik, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak egoera epidemiologiko larrian dauden 5.000 biztanletik gorako herrietan ezarritako neurri murriztaileak indarrean daude dagoeneko Zumaian. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren gomendioei jarraituz, azaroaren 5era arte iraungo duten neurri berriak hartu ditu gaur udalak. Herriko eragileek ere beren kabuz bertan behera utzi dituzte datozen egunetarako ekitaldiak. 

Udalak jakinarazi du eten egingo dituela kirol eta kultur jarduerak, eta saio horiek berreskuratzeko moduak aztertuko dituela. Era berean, Musika Eskolako taldekako ikastaroen kasuan arduradunak jarriko dira harremanetan ikasleekin; banakako ikastaroek, berriz, normaltasunez jarraituko dute. Ludoteka eta Gaztelekua itxi egingo dituzte gutxienez bi astez, eta Algorri Interpretazio Zentroko bisitak etengo dituzte. 

Datozen egunetako kultur ekitaldiak eta programazioa ere bertan behera utzi du udalak, hala nola, zinema, hitzaldiak eta antzerkiak. Alondegiko Oxford aretoko 3+1=20" erakusketa zabalik izango da, segurtasun neurriak gordeta eta edukiera zainduta, beti ere. Zerbitzuei dagokienez, kiroldegiko taldekako ikastaroak ez dituzte eskainiko datozen egunetan, eta banaka soilik egin ahal izango da kirola. Bestetik, liburutegiak zabalik jarraituko du, baina lehen faseko protokoloa aplikatuko dute –erabiltzeko aurrez deitu beharko da–. 

Kirol federatuko partidarik ez da jokatuko asteburu honetan: Gipuzkoako Futbol Federazioak datozen bi jardunaldiak atzeratzeko erabakia hartu du; Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak, berriz, asteburu honetan jokatzekoak ziren partidak bertan behera geratu direla jakinarazi du. Beraz, Zumaiako Futbol Taldeak ez du partidarik izango asteburuan. Eskubaloiko Euskadiko Federazioak ez ditu bertan behera utzi partidak, beraz, Euskal Ligako igandeko partida jokatu egingo dela jakinarazi dute –Bera-Beraren aurka izango du hitzordua Pulpok, 10:30ean–.

Astebururan Indamendik Elgeamendira egin behar zuen irteera ere bertan behera geratu da, mendizaleen elkarteak komunitatean jakitera eman duenez. Bestetik, indarkeriarik gabeko bizitza baterako prestatzaile komunitarioen ikastaroa antolatua zuen Malen Etxeak biharko, larunbata. Ikastaroa atzeratu egin dute, eta laster jakinaraziko dute data berria. Emakumeon* Etxeak Zaintzaz hausnartzen saioa zuen antolatua gaur arratsalerako, baina bertan behera gelditu da, elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez. Al-Anon alkoholikoen familiarteko eta lagunen elkarteak jakinarazi du, bestetik, COVID-19ak sortutako egoera dela eta buelgoa itxita izango dutela.