Neurri berriak hartu ditu udalak pandemia ez hedatzeko

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 23a, 14:45

Gaurtik hasita hainbat zerbitzu etengo ditu Zumaiako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren dekretuan jasotako gomendioei jarraiki. Horiez gain, zenbait ekitaldi eta parte hartze prozesu atzeratzeko erabakia hartu du, beti ere telematikoki egin ezin diren kasuetan. Birusa ez hedatzeko protokoloak zorroztuko dira, eta baita desinfekzio lanak indartu ere. Udalaren esanetan, momentuz, neurriak azaroren 5era arte mantenduko dira. 

Zumaiako Udalean aholku mahaia bildu da gaur. Zumaian bizi den egoeraren aurrean eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioak jarraituz, hainbat neurri hartu ditu. Udal eraikin gehienek irekita jarraituko dute, baina zenbait zerbitzu eta jarduera eten edo atzeratu egingo dira. 

Halaber, Zumaiako Udalak Eusko Jaurlaritzaren gomendioak betetzeko deialdia egiten die herritarrei, eta gomendio horiek herrian ahal diren ondoen bete daitezen, Udalaren esku dauden hainbat erabaki hartu dira. 

Ondorengoak dira Zumaiako Udalaren erabakiak, momentuz, azaroaren 5era arte mantenduko direnak:

1. Taldekako ikastaro eta jarduerak etetea:

  • Taldekako kirol eta kultur ikastaroak etetea. Jarduera hauek ez dira bertan behera geldituko. Aldi honetan etenda egongo dira, eta klaseak berreskuratzeko moduak aztertuko ditu Udalak.
  • Musika eskolako talde ikastaroen kasuan, Musika Eskolako arduradunak ikasleekin harremanetan jarriko dira. Banakako ikastaroek aurrera jarraituko dute
  • Ludoteka eta Gaztelekua ixtea
  • Algorri Interpretazio Zentroko bisitak etetea
  • Banakako ikastaro eta jarduerak mantendu egingo dira

2. Udal eraikinetako eta zerbitzuetako protokoloak zorroztea:

  • Liburutegiak irekita jarraituko du, baina 1. faseko protokoloa aplikatuko da, eta erabiltzaileek aurrez deitu beharko dute bertara joateko.

  • Kiroldegiak zabalik jarraituko du, baina banakako jarduerak bakarrik egin ahal izango dira bertan. Gainera, fitness gunean maskara erabiltzea beharrezkoa izango da

3. Kultur ekitaldiak eta programazio guztia atzeratzea, eta bilkurak telematikoki egitea:

  • Datozen egunetarako programatutako ekitaldiak (hitzaldiak, zine-emanaldiak, antzerkiak, kontzertuak, etab.) atzeratu egingo dira

  • Parte hartze saioak telematikoki egingo dira

  • Kirol jarduera federatuetan ezingo da ikuslerik egon

4. Garbiketa eta desinfekzio lanak indartzea

 

Eusko Jaurlaritzaren aginduak

Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan neurri murriztaileak egongo dira indarrean gaurtik aurrera. Horien artean dago Zumaia ere. Honakoak dira indarrean sartu diren neurriak:

  • Abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean. Gainerako herritar guztiek kirola bakarka egin beharko dute
  • Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezingo dira erabili 21:00etatik 06:00etara artean
  • Eztablezimendu komertzialetan ezingo da alkoholik saldu 21:00etatik 06:00etara bitartean
  • Merkataritza establezimendu guztiek 21:00etan ateak itxi beharko dituzte, elikagaiak saltzen dituztenek, gasolindegiak eta farmaziak izan ezik
  • Tabernetan, barran ezingo da kontsumitu, soilik mahaietan eta eserita
  • Tabernek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak eta ezingo dituzte zabaldu 06:00ak arte.