Ekain Albiteren 'Haizearen egia' filma laburra Zinebi jaialdian erakutsiko da

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 23a, 12:15

Azaroaren 13an hasiko da Zinebi, film laburren eta dokumentalen Bilboko nazioarteko jaialdia. Aukeratu duten lanen artean, Ekain Albiteren Haizearen egia film laburra dago. 

Bertoko Begiradak sailean, film laburren atalean lehiatuko da Albiteren lana. 22 lan erakutsiko dira guztira atal honetan.

Tahar gaztea da filma honetako protagonista. Saharako 20 urteko mutil gaztea da Tahar, eta Euskal Herrian bizi da. Haren familiak, ordea, Tindufeko errefuxiatuen eremuan bizitzen jarraitzen du. Egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioa), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei eta kontraesanei. Lortuko al du bere bizitzako piezak dagokien lekuan jartzea? Gai izango al dira elkar ulertzeko? Eta elkarri barkamena eskatzeko?

Darahli elkarteak Maluta Filmsekin batera ekoitzitako proiektua izan zen eta Zumaiako Udalaren babesarekin ere kontatu zuen.