Egoera epidemiologiko larria duten herrietan sartu-irtenak mugatzea gomendatu dute, tartean Zumaia

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 22a, 21:46

Egoera epidemiologiko larria duten herrietan neurri murriztaileak ezartzea erabaki du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak, eta gaur gaurkoz, gomendio eta neurri horiek Zumaiari eragiten diote. Besteak beste, herriko sartu-irtenak premiazkoak direnean (lana, hezkuntza, osasuna, zaintza) bakarrik egitea gomendatu dute. 

Egoera epidemiologiko larria duten 5.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietan bihartik neurri murriztaileak ezartzea erabaki du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak gaur arratsaldean egin duen bileran. Horien artean daude Zumaia, Azkoitia eta Azpeitia. Honakoak izango dira bihar indarrean sartuko diren neurriak: 

  • Abian diren kirol lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kirolariek bakarrik egin ahal izango dute kirola taldean. Gainerako herritar guztiek kirola bakarka egin beharko dute.
  • Haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ezingo dira erabili 21:00etatik 06:00etara artean.
  • Eztablezimendu komertzialetan ezingo da alkoholik saldu 21:00etatik 06:00etara bitartean.
  • Merkataritza establezimendu guztiek 21:00etan ateak itxi beharko dituzte, elikagaiak saltzen dituztenek, gasolindegiak eta farmaziak izan ezik.
  • Tabernetan, barran ezingo da kontsumitu, soilik mahaietan eta eserita.
  • Tabernek 21:00etan itxi beharko dituzte ateak eta ezingo dituzte zabaldu 06:00ak arte.

Arau horiez gain, beste hainbat gomendio ere eman ditu Gotzone Sargadui Osasun sailburuak batzordearen ostean egin duen agerraldian. Hauek dira gomendioak:

  • Egoera epidemiologikoa larrian dauden herrietatik ez irtetea eta haietara ez sartzea, lan, hezkuntza, osasun eta zaintza arrazoiengatik ez bada.
  • Etxe berean bizi direnekin bakarrik elkartzea.
  • Ezinbestekoak ez diren jarduera oro bertan behera uztea edo atzeratzea.
  • Egin behar diren jarduerak, ahal den heinean, aire zabalean edo ondo aireztatutako guneetan egitea.