Zumaian baheketa selektiboa egitea aztertzen ari da Osakidetza

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 22a, 14:14

Osakidetzako arduradunak bihar Zumaian izango dira, eta orduan emango dituzte xehetasun gehiago. Udalaren esanetan, datorren aste hasieran izan daiteke baheketa.

Azken egunotako positibo kopuruaren gorakada dela eta, beste zenbait herritan egin bezala, datorren aste hasieran Zumaian baheketa selektiboa egitea aztertzen ari da Osakidetza. 

Bihar, ostirala, Zumaian izango dira Osakidetzako arduradunak, Udalarekin zein herriko osasun zentroarekin elkarlanean egin beharrekoak antolatzeko. Udalak jakinarazi du orduan emango zaizkiela herritarrei baheketaren gaineko xehetasun gehiago. Aitzuri pilotalekua eta kiroldegia eskaini dizkio Udalak Osakidetzari, eta herri langileak zein udaltzainak beharrezko lanak egiteko prest daude dagoeneko. 

Hala eta guztiz, Udalak jakinarazi du bozeramaileen batzordea deitu duela, oposizioari egoeraren berri eman eta elkarlanean hartu beharreko neurriak aztertzeko. Era berean, udal langileekin egoerari aurre egiteko hartu daitezkeen neurriak aztertzeari ekin dio. 

Udalak gogorarazi du kasuen gorakada eteteko beharrezkoa dela herritar guztien konpromisoa. Udalak herritarrei dei egin die arduraz jokatzeko, bizitza soziala ahalik eta zirkulu txikienetara mugatzeko, osasun neurri orokorrak errespetatzeko eta maskara ahal den guztietan jantzita edukitzeko.

Gipuzkoako beste zenbait herritan egin ditu dagoeneko baheketa selektiboak Osakidetzak, horien artean, Azpeitian eta Azkoitian.