Zergatik agertu da antxoa txikia urizkinean?

Iñigo Gaiton 2020ko urr. 21a, 16:36
Argazkia: Iñigo Gaiton.

Aztiko Andres Uriarte zientzialariaren esanetan, sei edo zortzi urtetik behin errepikatzen den fenomenoa da azken egunotan hondartzan ikusi dena.

Marea biziak izan dira azken egunotan, eta harritzeko moduan hurreratu da antxoa ur ertzera. Nabarmen ikusi dira antxoa txikien sardak, atzetik makaelak zituztela. Bada, lehengo asteburuan, igandean zehazki, antxoa txikia urizkinan agertu zen, herritarren harridurarako: uretan asko, eta hondarretan ere bai.

Arrantza jasangarrian aditua den Andres Uriarteren iritziz, sei edo zortzi urtetik behin errepikatzen den gertakaria da antxoa txikiarena, eta bi faktore edo gehiagoren elkarketak eraginda gertatu daiteke: "Batetik, itsaso zabalean itsasaldi eta haize indartsua izaten denean, indar horrek antxoa txikia kostaldera bultzaltu dezake; batez ere, denboraleak antxoa txikia goran, sakonera gutxian harrapatuz gero", azaldu du Aztiko zientzialariak. Momentu horretan antxoak duen distribuzioa ere izan daiteke beste faktore bat, urteroko trantsizio zikloko zer momentutan aurkitzen den.

Gero, behin kostaldera hurreratutakoan, makaelak antxoa harrapatzen saiatzen dira jateko, eta horiek, izuturik, lehorrera jotzen dute, alde egin nahian: "Azken egunotan hori gertatuko zen ziurrenik. Antxoa txikiak makaela atzetik duela ikusitakoan, izutu eta urizkinara jotzen du. Horregatik azaldu da horrenbeste antxoa hondarretan oraingoan".