Orduko 103 kilometroko haize bolada neurtu da bart Zumaian

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 21a, 09:29

Haizete handiak izan dira bart Euskal Herri mailan. Zumaian orduko 103 kilometroko haize bolada neurtu du Aemeteko estazioak goizeko 2:30ean. Haizeek kalteak sortu dituzte eta une honetan tren zerbitzua etenda dago Orio eta Usurbil artean zuhaitz bat trenbidera erori ondoren. 

Iragarrita zegoen, eta hala izan da. Haizete bortitzak izan dira Euskal Herri mailan eta baita Zumaian ere. Hainbat zuhaitz adar puskatu ditu, hondakinen edukiontziak irauli, eta baita moilan dagoen kaseta ere irauli eta mugitu ere.

Tren zerbitzuan ere eragina izan du: zuhaitz bat erori da trenbidera Orio eta Usurbil artean, eta une honetan bi estazio horien arteko zerbitzua etenda dago. Arazoa konpondu artean, autobus zerbitzua jarri dute martxan.