Torreagako eremuaren arau subsidiarioaren aldaketaren inguruko parte hartze saioa izango da hilaren 27an

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 20a, 16:15

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Uztailean aurkeztu zuen Udalak herritarren aurrean arau subsidioarioaren aldaketaren hirigintza proposamena, eta hilaren 27ko saioarekin itxiko da agerraldi publikoaren fasea.

Zumaiako 12.2 Torreaga esparruko 1. Puntuanueta II sektoreari buruzko Zumaiako Plangintzako Arau Subsidiarioen Aldaketaren hirigintza proposamena uztailean aurkeztu zuen Udalak jendaurrean. Udalbatzarrean hasierako onarpena eman ondoren, herritarrekin saio irekia egingo du Udalak hilaren 27an, eta saio horrekin itxiko da agerraldi publikoaren fasea. 

Udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:00etan hasita. Euskaraz izango da saioa, baina Udalak argitu du hala nahi edo behar dutenek aldibereko gaztelerazko itzulpen zerbitzua izango dutela. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, hemen.

Arau aldaketaren bidez Torreagako eremuak eta Puntanoetak duten lotura ere hautsiko da. Izan ere, aspalditik dator etxebizitza hauen sustapenaren historia. 2004ko arauetan jaso zen ingurune horretan garapen urbanistikoa egitea. 2.050 etxebizitza egitea aurreikusten zen orduan, eta garaiko legea kontuan hartuta, %20k babes ofizialekoak izan behar zuen nahitaez. Proiektu hori garatzeko sortu zuten Promociones Torreaga enpresa. Zumaia Lantzen elkarte publikoarekin sinatutako hitzarmenaren bidez, babes ofizialeko etxebizitza horiek Puntanoetan egitekoak ziren. 

Torreagaberri izeneko hirigintza proiektuan 250 etxebizitza egitea aurreikusi dute, Estazioko auzuneko eraikinen eta Urola ibaiaren artean. Etxebizitza horietatik %20 babes ofizialekoak izango dira, eta beste hainbeste tasatuak. Horrez gain, 1.500 metro koadroko lokal bat egokituko dute, Udalaren esku geratuko dena.