Gaikako hondakinen bilketa hobetzeko hainbat neurri hartuko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak

Amaia Urbieta 2020ko urr. 20a, 13:11

Herriz herrikoa izango da berrantolaketa, eta Getarian dagoeneko lanean dira kale ikuskatzaile eta kale hezitzaileak. Besteak beste, edukiontzien guneak aztertu eta hobetuko dituzte, komertzio eta enpresen atxikipen handiagoa bilatuko dute eta totem informatiboak jarriko dituzte. Bestalde, beharrezkoa izango da txartela berriro ere errefusaren eta organikoaren edukiontziak zabaltzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak bailarako birziklapen tasa hobetzeko eta edukiontzien guneak txukun mantentzeko herriz herriko hondakin sistemaren berrantolaketa jarri du abian. Hondakinen 2018/851 Europako Zuzentarauak 2030erako zaborraren %60a gaika sailkatzeko helburua ezarri du. 2019ko datuen arabera, Urola Kostan hondakinen %70,02 biltzen da gaika, baina “jauzi kualitatiboa” nahi du eman udal elkarteak, azkenaldian zenbait jarrera “kezkagarri” identifikatu dituelako. “Udal Elkartetik baliabideak jartzen ditugu, baina herritarren konpromisoa behar dugu. Hondakin bilketa sistemaren berrantolaketarekin herritarrak hondakinen kudeaketaren inguruan kontzientziatzea nahi dugu”, azaldu du Lourdes Salsamendi udal elkarteko presidenteak. 

Herriz herrikoa izango da berrantolaketa hori, eta Getarian dagoeneko martxan dago, atzotik. Herri bakoitzean hiru asteko egonaldia egingo dute; Getariaren ondoren egingo dute kanpaina Orion, Aian, Zumaian eta Zarautzen, hurrenkera horretan. Aurreikusitako lan guztiak egiteko, kale ikuskatzaile eta kale hezitzaileak egongo dira hiru astez herri bakoitzean. Alde batetik, kaleko edukiontzien egoera eta horiei ematen zaien erabilera aztertuko ditu udal elkarteak: pedalek nola funtzionatzen duten, tapen egoera, pegatina informatiboena… ateratako datuetatik diagnosia egin, eta hobetzekoen plangintza martxan jarriko dute.

Bestetik, hondakin organikoen edukiontziaren erabilera desegokia ere aztertuko dute, baita errefusaren edukiontzietan merkataritza eta ostalaritzako poltsa beltzen jarraipena egin ere, izan ere, erabilera desegoki horiek kezkagarritzat jo ditu Salsamendik. Ostalari eta merkatariei edukiontzi horiak zabaltzeko giltza ere emango diete, izan ere, establezimendu horien beharrentzat txikiegia izan ohi da ontzi arinak botatzeko edukiontzietako zuloa. 

Bolumen handiko zerbitzua aztergai

Beste kezka iturri nagusietako bat da udal elkartearentzat bolumen handiko hondakinen bilketaren erabilera txarra. Herri bakoitzak bere eguna izan ohi du bolumen handiko hondakinak ateratzeko, baina hori askotan ez dela errespetatzen adierazi du Salsamendik. Informazio hori behin eta berriz gogoraraziko du udal elkarteak, baita hori ez betetzeak dakarren ohartarazpena edo isuna ere. Pegatinen bidezko ikusgarritasun sistema ere jarriko dute abian: ez dagokien egunean ateratzen dituzten bolumen handiko objetuak ez dituzte jasoko egun batzuez, eta pegatina deigarri bat jarriko diete datarekin, “jendeak ikus dezan hor zerbait gaizki egin dela”.

Salsamendik gogorarazi du bailarako herrietan, guztira, 249 edukiontzi gune daudela: hemeretzina Aian eta Getarian, 40 Orion, 55 Zumaian eta 116 Zarautzen. Horien artean gune “estrategiko” batzuk hautatu eta informazio euskarriak (totem itxurakoak) jarriko dituzte, hondakin bereizketa nola egin behar den jendeak garbiago izan dezan.  

Enpresetako eta komertzioetako hondakinen bilketa berezia ere sustatu nahi du udal elkarteak. Egun, bailarako bost herrietako 440 komertzio eta 360 enpresatan egiten dute bilketa berezia, baina UKUEren helburua da are negozio gehiago atxikitzea zerbitzura, “guztien iritzi, iradokizun eta beharrak aintzakotzat hartuta zerbitzua optimizatzeko”.  Horretarako, herri guztietako enpresa zein komertzioetara bisitak egingo dituzte, hondakin bilketa bereziaren inguruko informazioa eskaintzeko.

Organiko eta errefusaren txartelak

Martxoaren erdialdetik, COVID-19aren hedapena saihesteko, txartelik gabe zabaldu daitezke organikoaren eta errefusaren edukiontziak. Harrezkero edukiontzi horien erabilera desegokia areagotu egin da udal elkartearen arabera eta, laster, beharrezkoa izango da txartela berriro ere edukiontzi horiek zabaltzeko. Aldaketa hori ere mailakatua izango da: Getarian urriaren 26an itxiko dituzte,  eta aurreikusten dute Aia eta Oriokoak azaroan ixtea, Zumaiakoak abenduan eta Zarauzkoak urtarrilean. Etxeetara banatutako txartelak topatzen ez dituztenek eskuragarri izango dituzte berriak udaletxean edo udal elkartean, baina, dena den, aurrerago zabalduko dute horren inguruko informazio xeheagoa.

Aipatutako neurri horiekin guztiekin, herritarra inplikatu nahi du udal elkarteak “Urola Kosta garbi, ekologiko eta jasangarria” izateko. “Hondakinen bilketa eta garbiketa herritarrei zuzendutako zerbitzuak dira, baina ezinbestekoa zaigu herritarrak horretan parte aktibo eta konprometituak izatea. Ondo ari gara, baina hobetzeko aukerak ditugu, eta elkarrekin egin behar dugu hori”, burutu du hitzartzea Salsamendik.