Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztuko dute Zumaian azaroaren 7an

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 19a, 16:54
GKSk Gipuzkoako Topaketa Sozialistak egin zituen otsailean, Bergaran. (Gedar Langile Kazeta)

Martxan da GKSren Urola Kostako taldea ere, eta aurkezpen jardunaldiak egingo ditu Zumaian eta Zarautzen. Azaroaren 7an izango da Zumaiako saioa: 'Gazte kriminalizazioa eta kontrol neurriak' hitzaldia landuko dute arratsaldean, eta gero, kontzertua eskainiko du Igitaia taldeak.

2018an eman zuten Euskal Herriko Gazte Koordinadora Sozialistaren sorreraren berri, Gasteizen. Ehunka gaztek hala ekin zioten “gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko” bideari, “egungo miseria kapitalistan botere sozialista eratzea” ipar.

Ikasturte honetan jakinarazi du GKSk martxan direla tokian tokiko taldeak ere. Eskualde mailan antolatutako taldeak dira gehienak, eta gurean, kostako herrietako kideek egin dute bat jardun politikoa aurrera eramateko. Aurkezpen jardunaldiak prestatu dituzte datozen asteetarako Zarautzen eta Zumaian, eta argitu dutenez, “gazte problematikaren inguruan” duten “ikuskera” azalduko dute jendaurrean, baita GKSren jardunaren berri eman ere. Horretaz gain, “harremanak sendotzeko eta kontzertuez gozatzeko aukera” izango da jardunaldietan.

Gazte problematika

Larunbat honetan, urriak 24, ekingo diete aurkezpen saioei. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean jarri dute lehenengo hitzordua: Gazte problematikaz eta antolakuntzaren beharraz hitzaldia izango da 19:00etan, eta 22:00etan hasita, kontzertua eskainiko du Zestoako Rodeo taldeak.

“Azken hilabeteotan sortutako egoera berrian, bizi-ohituretan izaten ari diren aldaketen gaineko irakurketa politikoa” izango da hitzaldiaren abiapuntua. Era berean, “gazte problematika” modura izendatutako arazo multzoa izango dute aztergai: “Gazteon bizi-eredua eta ezaugarritzea aztertzeko, gizartearen dinamika orokorra eta gazteriak bertan betetzen dituen funtzioak aztertu behar ditugu”. Ariketa horri eutsiz, beraz, “gazteon lan-indarraren merkaturatze zehatza”, “bizi-ereduaren oinarriak” edota “despolitizazioa” izango dituzte hizpide hitzaldian.

Sarrera beharko da Rodeoren kontzerturako, eta mugatuak izango dira plazak. Egunean bertan Putzuzulon salduko dituzte txartelak, 2 euroan, 18:30etik aurrera. Ordu erdi beranduago emango diote hasiera egitarauari, hitzaldiarekin.

Bestalde, GKSko kideek jakinarazi dute ogitartekoak ere izango direla salgai hitzaldiaren ostean.

Zumaian, azaroaren 7an

Azaroaren 7an, larunbata, egingo dute aurkezpen saioa Zumaian. Torreberri gaztetxera bertaratzera dei egin du GKSk: Gazte kriminalizazioa eta kontrol neurriak hitzaldia izango da 19:00etan, eta 21:30ean, Igitaia taldearen kontzertua hasiko da.

Zarauzko dinamika berdinari helduko diote kontzerturako sarrera mugatuak banatzeko: 18:30ean jarriko dituzte salgai txartelak, Torreberrin, 2 euroan.

Hitzaldiari dagokionez, GKSko kideek adierazi dute, “COVID-19aren testuinguruan, komunikabideetan zein gizartean bizi dugula gazteriaren inguruko iruditegi negatiboaren sakontzea, baita kontrol neurriena ere”. Hortaz, “iruditegi horrek izan ditzakeen ondorioen” inguruan arituko dira Zumaiako saioan, eta “kontrolaren izaera politikoari” eta “askatasunen eta eskubideen murrizketari” buruz ere hausnartuko dute.