Deban amaitu da Itsas ondarearen jaialdia

Aurreko bi asteburuetan ez bezala, eguraldia lagun izan dute Itsas ondarearen jaialdiko hirugarren eta azken jardunaldian, Deban. Erakusketa, bisita gidatua eta ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. 

Euskal Kostaldearen Geoparkeak bere hamargarren urteurrena bete du, eta ospatzeko Itsas ondarearen jaialdia antolatu du erakundea osatzen duten hiru herrietan. Urriaren 4an Zumaian egin zen, eta astebete geroago, hilaren 10ean, Mutrikun. Larunbat honetan Debak hartu ditu jaialdiko ekitaldiak. 

Aurreko bi asteburuetan egin bezala, Beduola elkarteko lagunek Hiru anai egurrezko batela atera dute. 1920ko hamarkadan Deban egindako batela zen Hiru anai, eta haren erreplika egiten dabiltza egunotan. Beduolakoak lanean aritu ziren, eta erakusketara bertaratu zirenek ontziaren berri ere izan zuten. 

Marinel korapiloak egiteko tailerra ere antolatu zuten, eta Debako eliza ezagutzeko bisita gidatua ere izan zen. Arratsalde partean, berriz, Deba ibaian ontzi tradizionalean nabigatzeko aukera izan zen.