Goikoetxea nagusitu zaio Lopezi Hondarribiko Grand Slam txapelketako finalean

Onintza Lete Arrieta 2020ko urr. 17a, 10:45
Finala hasi aurreko unean, bi zumaiarrak eta euren bikoteak (Argazkia: Jai Alive)

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez aurrez aurre lehiatu ziren atzo Jostaldi pilotalekuko finalean, eta lehia bizia eskaini zuten. 14-15 nagusitu zen Lopez aurreneko set-ean, 15-8 ondoren Goikoetxea, eta berdinketa hausteko hirugarren saioan, 5-3 irabazi zuen Goikoetxeak. Finala ETB4n ikusteko aukera dago gaur 12:00etan.

Goikoetxea-Irastorza bikotea nagusitu da Hondarribiko Grand Slam txapelketan, atzo, ostirala, Beaskoetxea eta Lopez bikoteei gailenduta finalean 2-1 (14-15, 15-8 eta 5-3). Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikusle kopuru mugara iritsi ziren frontoian lehia hori jarraitzeko (280 lagun dira guztira, osasun krisiaren eraginez hartutako neurriengatik).

Azken bost ostiraletan jokatu dira lehiaketako partidak Hondarribiko Jostaldi frontoian, eta nabarmendu dutenez, atzokoa "ikusgarria" izan zen, "ziurrenez jokatu diren bederatzi partidetan onena".

Gorriz aritu ziren Goikoetxea eta Irastorza, eta aurreneko set-ean beraiek hasi ziren irabazten: 5-3, 6-3 eta 7-4 amaitu zen aurreneko zatia. Atsedenaldiaren ondoren, urdinek gora egin zuten, 8-6tik hasi eta hainbat berdinketaren ondoren, aurreratu egin ziren,11-12 eta 11-13 eginez. Aurreneko set-a horientzat izan zen, 14-15 eginda. 42 minutuz aritu ziren lehen zati honetan.

Bigarren mangan, berriz, Goikoetxea-Irastorza gogor hasi ziren, 9-2 eginez, partida osoan zehar egon zen alde handiena finkatuz. Beaskoetxea-Lopez bikoteak ere gogor borrokatu zuen, ordea, eta 10-7ra gerturatu arren, set-a gorrientzat izan zen azkenean. 32 minutuko saioa egin zuten.

Berdinketa hausteko txandan "borroka gogorra" egon zen, eta gorriak nagusitu ziren arren, "izerdia bota behar izan zuten" horretarako. 2-0, 2-1, 4-1, 4-3 eta 5-3 egin zuten azken txandan, 16 minutuko lehian.

ETB1ek atzo eskaini zuen finaleko partida 23:30ean, eta gaur, larunbata, 12:00etan ETB4n ikusteko aukera egongo da.