Iñigo Llavori: “Garapen teknologikoaren olatuaren gailurrean gaude une honetan”

Oier Zeberio Maiztegi 2020ko urr. 17a, 10:00

Gaztetatik gai zientifikoen zalea, Iñigo Llavori (Zumaia, 1983) ingeniaria eta doktorea Mondragon Unibertsitateko ikertzailea eta irakaslea da. Gainazalen ingeniaritzan aditua, mundu mailako argitalpen zientifiko garrantzitsuetan argitaratu diren zazpi ikerketa lanen autore nagusia da.

Abuztuaren erdi aldera elkartu gara Mondragon Unibertsitatean, Garaia eraikinean. Gainazalen laborategian aritzen da Llavori, eta bertan aritu da espezialitate honen inguruan hizketan.

Zergatik ikasi zenuen Ingeniaritza?

Nire aitak Guascor enpresan egiten zuen lan eta esparru horrek betidanik eman zidan atentzioa. Eboluzio logikoa izan da. Eskolan ondo moldatzen nintzen zenbakiekin, eta eremu hau asko gustatzen zitzaidan. Unibertsitatean sartu baino lehen Matematika eta Fisika karreren artean erabaki ezinda nenbilen. Une hartan, nire inguruko pertsona batek hau esan zidan: «Gauza bat da fisika edo matematikak gustatzea da, eta beste bat diziplina horiek mundu errealean nola aplikatzen diren gustatzea». Fisikaren eta matematiken esparruan lan irteera nagusia irakaskuntza da. Hemen ez dago NASA bat edo CERN bat. Une hartan irakaskuntza ez zitzaidan gehiegi gustatzen, ordea. Horregatik erabaki nuen ingeniaritza bat ikastea, "katxarreoa" gustatzen zaidalako. Kuriosoa zera da, azkenean unibertsitateko irakasle izaten amaitu dudala.

Ingeniaritzaren mundua oso zabala da. Zer adar aukeratu zenuen?

Ingeniaritza Mekanikoa aukeratu nuen, hainbat esparrutan lan egiteko aukera ematen dizulako arlo horrek. 2001-2002. kurtsoan sartu nintzen Mondragon Unibertsitatean. Gehien konbentzitu ninduen unibertsitatea izan zen, karreraren diseinuari eta lan irteerei dagokienez. Hiru urtetan zehar ingeniaritza mekaniko teknikoa ikasi nuen eta hurrengo bi urteetan ingeniaritza industrialeko goi ikasketak egin nituen. Lehen hiru urteetan asko disfrutatu nuen, oso gustura egon nintzen; azken bi urteak gogorragoak egin zitzaizkidan, ordea. Hala ere, arazo handirik gabe amaitu nuen karrera.

Gaur egun doktorea zara. Zerk bultzatu zintuen tesia egitera?

Karrera 2007. urtean amaitu nuen, baina urtebete geroago krisi ekonomikoa hasi zen eta lan merkatuak kolpe izugarria jaso zuen. Lehenik eta behin, atzerrira ingelesa ikastera joan nintzen, Irlandara. Bertan, Carloweko turismo bulego batean aritu nintzen lanean urte erdi. Ingelesarekin itzuli nintzen. Baina krisiaren ondorioz, esan bezala, lan merkatua asko mugatu zen. Neure burua birziklatzeko beharra ikusi nuen eta aukera ezberdinak jorratu nituen. Ikerkuntzak, adibidez, betidanik sortu zidan interesa eta ikasten jarraitzea erabaki nuen. Karrera berri bat edo doktoretza? Galdera hori izan zen neure buruari egin nion hurrengoa. Azkenean doktoretza tesia egitea erabaki nuen.

Zer eremutan espezializatu zinen?

Euskal Herrian manufaktura industriak garrantzi handia dauka eta hainbat lan esparru daude. Hori dela eta, elkarrizketa asko egin nituen zenbait tesi zuzendarirekin, gaien inguruko informazioa lortzeko asmoarekin. Mekanika eta materialean arloan espezializatzea erabaki nuen azkenean. Horri loturik, tesia materialen gainazalei buruz egitea okurritu zitzaidan. Zortea eduki nuen, zuzendari ona bilatu nuen eta horrek ate asko ireki zizkidan.

Une horretan ez zegoen frogatu nahi nuen hori ikertzeko balio zuen makinarik, eta zerotik hasita bat diseinatzea eta eraikitzea erabaki nuen

Doktoretza tesia egitea prozesu gogorra da. Nola bizi izan zenuen?

Tesia egiteko prozesuaren hasiera shock bat izan zen. Karreran ariketa guztiek prozesu honi jarraitzen zioten: hasi egiten ziren, garapen bat zuten eta emaitza bat lortzen zen amaieran. Errealitateak ez du horrela funtzionatzen, ordea. Askotan ez dago erantzun bakarra, milaka daude edo zenbait kasutan oraindik ez daude. Pila bat irakurtzen hasi nintzen materialen gainazalen inguruan. Izugarria da urte batean zenbat irakur daitekeen. Irakurri, laburtu, gai ezberdinak jorratu..., horrela definituko nuke hasierako fase hori. Ondoren, poliki-poliki, planteatutako helburuak betetzen joan nintzen. Prozesu gogorra izan zen, baina oso eraikitzailea. Pertsona gisa aldatu egin nintzela esan dezaket.

Tesiari erreferentzia eginaz, zer helburu zenituen?

Neure helburua gainazaletan eragiten duen nekea eta higaduraren arteko konbinaketa aztertzea zen, fretting deiturikoa. Prozesu hori nahiko berezia da, tribologia (gorputz solidoen arteko marruskadura aztertzen duen Fisikaren atala) eta nekea konbinatzen dituelako, eta hori nahiko problematikoa da zenbait industriatan: aerogenerazioan, nuklearrean, igogailuenean...Tresna numeriko bat garatu nahi nuen bi fenomeno horiek aztertzeko. Esan bezala, irakurtzen hasi nintzen, ikerketa lerroak aztertzen, probak egiten, etab. Iritsi zen une bat non nekea eta higadura aztertzeko metodologia numeriko bat garatu nuen.

Guztia ordenagailuaren barnean gertatzen zenez, ez nekien, ordea, errealitatean zer gertatuko zen. Esperimentuak egiteko unea iritsi zitzaidan eta laborategian sartu nintzen. Zehazki, tesiari erreferentzia eginaz, hari metaliko finenetan zentratu nintzen. Une horretan ez zegoen frogatu nahi nuen hori ikertzeko balio zuen makinarik, eta zerotik hasita bat diseinatzea eta eraikitzea erabaki nuen. Nire bizitzako urte eta erdi pasa nituen makina hori garatzen. Makina martxan jarri eta emaitzak balioztatzea lortu nuen. Arrakastatsua izan zen.

Tesia amaitzean unibertsitatean hasi zinen lanean. Ikaslea irakasle bilakatu zen eta ikerkuntzan murgildu zinen. Zer egiten duzu, gaur egun, unibertsitatean?

Tesia amaitu ostean, batetik, ikerketa esparrua zabaldu zitzaidan, eta, bestetik, irakasle lanetan hasi nintzen. Lehenago klase batzuk eman nituen, baina beste shock bat izan zen hau. Oraindik ere gogoratzen naiz eman nuen lehen klaseaz.

Mundua oso ezberdin ikusten da irakasle bihurtzen zarenean. Ikasleen garapena jarraitzeko aukera duzu, bertan zaude, beraiei ikasketa prozesuan laguntzeko, urte batzuk lehenago beraien posizio berdinean nengoela jakitun izanik... Bestetik, oso pozgarria da, baita ere, gaian interesatuta dauden ikasleen lana ikustea.

Irakaslea izateaz gain, ikerkuntzaren arloan murgildu nahiz, bereziki. Esan bezala, gainazalen inguruan egin nuen tesia eta arlo horretan espezializatu naiz, garrantzitsua iruditzen zait eta.

Eta zergatik iruditzen zaizu garrantzitsua?

Arazo guztiak gainazaletan hasten direlako. Higadura, korrosioa, pitzadurak... beti gainazaletan agertzen dira. Adibidez, zubi batean ager daitezkeen pitzaduretatik hasita zubi osoa erori daiteke.

Lan egiten dudan laborategian era guztietako gainazalak aztertzen ditugu. Frikzioaren, higaduraren, lubrikazioaren... gaineko ikerketak egiten ditugu, izugarrizko inpaktua dute-eta industria sektorean. Adibide gisa, zenbakitan jarriaz, zenbait elementutan frikzioa % 10 jaistea lortuko balitz, milioika euro aurreztuko genituzke. Gainazal edo lubrikatzaile egoki bat sortzen bada, frikzioa jaitsi dezake, adibidez. Kotxe baten motorretako pistoietan frikzioa jaisten bada, efizientzia hobetzen da, kontsumoa jaisten da eta CO2 isurpenak txikitzen dira. Higaduraren kasuan, pneumatikoen higadura jaistea lortzen bada, pneumatiko gutxiago erabiliko ditugu. Korrosioaren kasuan, estaldura egokia garatzen bada, herdoil gutxiago agertzen da eta material horren bizi esperantza igoko da.

Arazo guztiak gainazaletan hasten direlako. Higadura, korrosioa, pitzadurak... beti gainazaletan agertzen dira

Zenbakitan jarrita, korrosioa eta higadura daude, adibidez, materialen hutsegiteen % 70en atzean. Arazoak, esan bezala, gainazaletik hasten dira, eta alde horretatik, zerbait hobetu badezakegu, inpaktu garrantzitsua edukiko luke industrian. Gure laborategian hortz eta aldaka inplanteak, estanpa osagaiak, igogailuak, pieza aeronautikoak, etab. aztertu ditugu. Gaur egun garatzen ditugun ikerketak ez dira produktuetara joaten, hemendik hamar edo hogei urtera egingo diren produktuetara baizik. Garapen teknologikoaren olatuaren gailurrean gaude une honetan.

Ikerketa jarduerari dagokionez, nola baloratuko zenuke orain arte eginiko lana?

Ikerkuntza talde lana da. Bakarrik ez zoaz inora. Azken batean, zure jarduera zientifikoa argitaratzen dituzun dokumentu zientifikoen kalitatearen arabera neurtzen da. Hemeretzi artikulu zientifikoren idazketan parte hartzeko aukera izan dut eta horietatik hamaika mundu mailako publikazio garrantzitsuenetan argitaratu dira. Eginiko lanari esker, zazpi artikuluren autore nagusia izan naiz. Ekarpenak egitea lortu dugu, eta hori, azkenean, ohore bat da, egindako lanaren errekonozimendua.

Gainazalen lerroak, momentuz, behintzat, etorkizun oso interesgarria du. Arrasaten, une honetan, gure taldea nahiko txikia da, baina poliki-poliki aurrera goaz. Hamaika artikulu zientifiko garrantzitsu argitaratzeak maila altua dugula erakusten du, ordea. Hori da froga nagusia. Pixkanaka goaz, maratoi bat da hau. Txikiak gara, baina egiten dugun lana kalitatezkoa da.