Positibo kopuruak gora egin du Zumaian beste 11 kasurekin

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 16a, 14:14

Beste 11 kasu positibo zenbatu ditu Osakidetzak Zumaian, gaur eguerdian emandako datuen arabera. Eskualdeari dagokionez, Azpeitia da positibo gehien zenbatu dituen herria, 27 kasurekin, eta haren atzetik doa Zumaia. 

Zenbaki kezkagarriak izan dira Zumaian bigarren egunez jarraian. Herenegun bederatzi positibo zenbatu zituzten; atzo, berriz, 11. Azken zazpi eguneko datuak kontutan hartuta, 27 positibo atzeman ditu Osakidetzak Zumaia. 417,30 da 14 eguneko tasa 100.000 biztanleko. 

Zumaiako Udalak herritarrei dei egin zien atzo arduraz jokatzeko, bizitza soziala zirkulu txikietara mugatzeko eta osasun neurriak zaintzeko. 

Eskualdean, guztira, 56 positibo atzeman dituzte: Azpeitian 27, Zumaian 11, Azkoitian zazpi, Zestoan lau, Errezilen hiru eta Zarautzen eta Aian bina. Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Orion, berriz, ez dute kasurik zenbatu. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.263 PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 828k eman zuten emaitza positiboa. Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien –370–; Bizkaian 329 kasu positibo atzeman zituzten, eta 116 Araban. COVID-19 gaitzaren ondorioz, 40 pertsona ospitaleratu ziren atzo hiru lurralde horietan, eta, guztira, 50 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan, berriz, 3.477 PCR proba egin zituzten. 523 positibo zenbatu zituzten.