Kauldi Odriozolak EHF Euro Cup 2022 jokatuko du Espainiako selekzioarekin

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 15a, 18:37

Jordi Ribera hautatzaileak Kauldi Odriozolarengana jo du berriz, Espainiako selekzioarekin jokatu dezan. Jarduna berrartu eta EHF Euro Cup 2022 txapelketan hartuko du parte taldeak: Hungriaren aurka ariko dira azaroaren 4an, eta Eslovakiaren aurka azaroaren 7an.

Hamar hilabeteren ostean, Espainiako eskubaloi selekzioak martxari helduko dio berriz. Jordi Ribera hautatzaileak 18 jokalari deitu ditu jarduna berrartzeko, eta zerrendan da berriz Kauldi Odriozola Bidasoako jokalari zumaiarra. Hain zuzen, EHF Euro Cup 2022 txapelketan jokatzeko deitu dute.

Azaroaren hasieran izango dira aurreneko bi jardunaldiak: Espainiak Hungriarekin neurtuko ditu indarrak azaroaren 4an, eta Eslovakiarekin azaroaren 7an.

Odriozolak Lau Nazio txapelketan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin, aurreko urteko urrian, Argentinan. 2018an, aldiz, brontzea irabazi zuen selekzioarekin Tarragonako Mediterraneoko Jokoak lehian.