Azken orduetan bederatzi positibo atzeman dituzte Zumaian

Aitziber Arzallus | Maria Maya Manterola 2020ko urr. 15a, 14:02

Tantaka bada ere, azken egunotan hazi egin da Zumaian atzemandako positibo kopurua. Azken orduetan, ordea, nabarmen egin dute gora koronabirusaz kutsatutakoek, Osakidetzak emandako dauten arabera.

Atzo eskualdean beste hogei positibo zenbatu zituela jakinarazi berri du Osasun Sailak, koronabirusaren bilakaeraren inguruan egunero argitaratzen duen txostenean. Eta kasuen ia erdiak, bederatzi hain zuzen, Zumaian detektatu zituen. Igoera esanguratsua da, azken egunetan positibo gutxi atzematen ari baitziren herri horretan: asteartean kasu bakarra izan zen eta astelehenean bat bera ere ez. Azken astean 23 positibo zenbatu dituzte han, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 305,34 da.

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek baieztatu dute Eguneko Zentroko erabiltzaile batek positibo eman duela PCR proban. Haren txanda bereko erabiltzaileei proba egin diete gaur bertan, eta etxean egon beharko dute Osakidetzaren protokoloaren irizpideak jarraituz. Gainontzeko erabiltzaileentzat zabalik izango da Eguneko Zentroa, eraikina behar bezala desinfektatu ondoren. Era berean, Zumaiako Udalak herritarrei dei egin die arduraz jokatzeko, bizitza soziala zirkulu txikietara mugatzeko eta osasun neurriak zaintzeko. 

Hala ere, atzo atzemandako positibo berrien kopurua Zumaiakoa txikiagoa izanagatik, egoera okerragoa dute Azpeitian eta Azkoitian. Hain zuzen ere, bi horiek dira 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean hamalau eguneko tasarik altuena dutenak. Azpeitian beste zazpi kasu atzeman zituzten atzo, 71 izan dira azken astean zenbatu dituenak, eta 850,22 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Koronabirusa hedatzea saihesteko eta asintomatikoak atzemateko neurri gisa, gaur eguerdian hasi dira herri horretan baheketa selektiboa egiten. 17 eta 40 urte arteko 3.759 herritar daude proba egitera deituta, herritarren laurdena hain zuzen; ikusi egin behar horietatik zenbatek erabakitzen duten borondatezko proba egitea.

Azkoitian, berriz, positibo bakarra detektatu zuten atzo, eta 66 izan dira azken astean zenbatu dituztenak. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 934,19 da herri horretan, 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrietan altuena.

Zumaia, Azpeitia eta Azkoitiakoez gain, beste hiru positibo atzeman zituzten atzo eskualdean: bi Zarautzen eta bat Orion.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 10.890 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 679 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %6,2k, alegia. Herenegundik igo egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %5,5ek eman zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 303. Bizkaian, berriz, 291 detektatu zituzten, eta 77 Araban.

Atzokoan 35 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino bi gehiago. Orotara, 273 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hamar gehiago. ZIUn, berriz, 51 lagun daude; herengun baino bat gehiago.

Nafarroako datuak oraindik ez dituzte eguneratu.