Eneritz Furyak eta Mäkkelä musikarien kontzertu bikoitza larunbatean Itziarren

Hitz poetiko ilunkarak, eta folk noir ahotsak nahastuko dira bertan, ereserki probokatzailez eta vaudevilearen distiraz

Bizi dugun larrialdi egoeraren ondorioz ohiturak zorrotz murriztu ditugun honetan, neurri bereziak hartu eta eskaintza kulturala suspertzea erabaki dute Itziarren, etsipenari aurre egin elkarbizitza indartuz. Hortik, kontzertu bikoitza antolatu dute larunbat honetarako, Burugorri Ostatuaren iniziatibaz eta Itziarko Auzo Udalaren lankidetzaz.

Batetik Eneritz Furyak irundarra zuzenean ikusteko aukera izango da.Hitz poetiko ilunkarak kantatzen dituen ahots berezi eta pertsonala da berea. Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa bere kantuetan. Sortzeko modu sinpleagatik, kantuen trinkotasunagatik, bere kabuz eta eskura dituen tresna apurrekin produzitu nahiz grabatzeagatik. Bi disko plazaratuak ditu dagoeneko kantari irundarrak: Eneritz Furyak (2017) bilduma eta Zaldi zuria / Maskara kantu biko singlea (2018); bakarkako hirugarren lana bidean du, oraindik argia ikusi ez badu ere.

Bestetik, Mäkkelä, finlandiar-alemaniar bakarlaria. Biran da berriz Europan zehar, eta Itziarren egingo du parada, Euskal Herriko zenbait aretotan jo ondoren. Urte askoko ibilbidea du atzean, argitaratuak ditu dagoeneko lau album luze, krikikak goretsiak. Doinu ilunak darabiltza, ereserki probokatzaileak, vodevilaren distira eta extravaganza musikala. Batzutan Joe Strummer-en kutsua, eta bestetan Tom Waits edo Leonard Cohenenen oihartzunak somatuko dizkio entzuleak. Talde askorekin kolaboratu ondoren, oraingoan bakarkako biran datorkigu bere folk noir hotsak alde batetik bestera zabalduz.

Kontzertua 19:00etan hasiko da, Burugorri Ostaturen gaineko lokalean. 5 eurotan jarri da sarrera, eta 14 urtetik gorakoentzat finkatu da. Edukiera mugatua jarri dute aretoan, eta ezinbestekoa da erreserbak aldez aurretik egitea, 943-199 255 telefonora deituz (bulego ordutegian) edo itziarkobulegoa@deba.eus helbidera idatziz.

Sarreren ordainketa lekuan bertan egingo da. Covid-19a dela eta beharrezko neurriak hartuko dira ekitaldia berme osoz joan dadin. Erreserbak egin ahala helaraziko jarraibideak.