Deban amaituko da Geoparkearen urteurrenaren harira antolatutako Itsas Ondarearen Jaialdia

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 15a, 10:00

Itsas Ondarearen Jaialdia antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere sorreraren hamargarren urteurrena ospatzeko. Erakundea osatzen duten hiru herriek hartuko dute jaialdia: Zumaian eta Mutrikun egin dira dagoeneko lehen bi saioak, eta hirugarrena datorren larunbatean, hilaren 17an, egingo da Deban.

Itsas ondarea izan daiteke Euskal Kostaldeko Geoparkearen lan ildoa etorkizun batean. Erakundea osatzen duten hiru herriek dute harreman zuzena itsasoarekin, eta baita hari lotutako historia aberatsa ere. Hala, Geoparkea sortu zela hamar urte bete diren honetan Itsas Ondarearen Jaialdia antolatu du. Urriaren 4an izan zen lehen jardunaldia Zumaian, eta astebete geroago, hilaren 10ean, Mutrikun egin zen (orduko argazkiak dira hemen ikus daitezkeenak). Orain, larunbat honetan, Debak hartuko du jaialdiko hirugarren eguna.

Aurreko bi jardunaldietan egin bezala, Beduola ontzi tradizionalen elkarteak zerotik egin duten Hiru anai egurrezko batela eramango dute. Kontuan hartu behar da Hiru anai batel originala Deban egin zutela 1920ko hamarkadan. Beduolako lagunak batelean lanean izango dira erakusketak irauten duen denboran. 

Santa Maria elizarako bisita gidatua eta marinel korapiloak egiteko tailerrak ere izango dira goiz partean. Arratsaldean, berriz, eguraldiak laguntzen badu, ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera izango da errioan zehar. 

Egitaraua

  • 11:30. Irekiera ekitaldia Anes Arrinda pasealekuan.
  • 11:00-12:00/12:30-13:30. Bisita gidatuak: Santa Maria Debako itsas ondarearen testigua.
  • 11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa.
  • 12:00-14:00. Marinel korapiloen tailerrak.
  • 17:00-19:30. Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.

Bisita gidatua egiteko www.geoparkea.eus webgunean hartu behar dira sarrerak, eta tailerrak egin nahi dituenak Debako turismo bulegoan eman behar du izena (Ifar kalea, 4; 943-192 452). Batelean nabigazioa egin nahi duenak erakusketan eman beharko du izena egunean bertan.