Hitzarmena sinatu du Udalak Oinherri eta Haurren Hiria sareekin, Zumaia "herri hezitzailea" izan dadin

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 14a, 12:27

"Bazterrean dauden pertsona guztiekin eta guztientzat pentsatutako herria" sortzera bidean eman du pausoa Zumaiako Udalak. Datozen hilabeteetan egingo dituzten lanak aipatu zituen Maddi Aldalur hezkuntza zinegotziak, horien artean, herriko eragileekin elkartzea, guztiek hezitzaileak direnaren kontzientzia hartu dezaten.

Udalak Oinherri eta Haurren Hiria sareekin hitzarmena sinatu zuen atzo, asteartea, udaletxean egindako ekitaldian. Bertan izan ziren Maddi Aldalur hezkuntza zinegotzia, Gotzon Bernaola Innobasqueko Berrikuntza Publiko Saileko zuzendaria eta Maite Azpiazu Oinherri Herri Hezitzaileen Sareko kidea, eta elkarlan horrek Zumaian izango duen ibilbidea izan zuten hizketagai. 

Aldalurrek azaldu zuen sare horietan sartuta Zumaia herri hezitzailea izan dadin sustatu nahi dutela. Balio jakin batzuetan oinarritutako herri bat izatea dakar horrek: aniztasuna, parte hartzeko kultura duena eta euskaraz bizi dena aipatu zituen zinegotziak. Balio horietan oinarritutako herria bultzatzeak "bazterrean dauden pertsona guztiekin eta guztientzat pentsatutako herri bat sortzea" eskatzen duela azaldu zuen Aldalurrek. Era berean, etorkizuneko herritar ez ezik, haurrak gaur egungo herritar bezala ikustea dakar. 

Bernaolak, bere aldetik, Haurren Hiria Sarearen gaineko xehetasunak eman zituen. Gaur egun, 20 udalerri barnebiltzen dituen sare bat da. "Ikaskuntza ingurune izan nahi duten komunitatean laguntzen ditu sareak, era horretan, herriak ikaskuntza komunitate bilakatuz", azaldu zuen Bernaolak. Gainera, ikaskuntzaren inguruko "erantzukizun partekatuan" sakontzen du eragile ezberdinen arteko elkarlanak, Bernaolaren arabera. "Haurrekin lan egitea helduen erabakiak zalantzan jartzea da", amaitu zuen. 

Azpiazu, berriz, pozik agertu zen elkarlanerako lehen pausoak ematen ari direla eta. Zumaiak Oinherri sarea indartzeaz gain, sareak berak indartuko du Zumaia, Azpiazuren hitzetan. Erantzukizun partekatuaz ere aritu zen, eta, Azpiazuren arabera, balio hezitzaileak eratzeko helburuarekin sinatu dute hitzarmena. Udalak, eskola eta herrigintza eragileak elkarlanean aritzea ahalbidetuko du hitzarmenak. 

Lan ildoak
Amaitzeko, datozen hilabeteetan Zumaian egingo duten lanketaz aritu zen Aldalur. Alde batetik, herriko eragileekin elkartuko dira eta diagnostiko bat osatuko dute. "Asmoa da eragile guztiek pixkanaka hezitzaileak direnaren kontzientzia hartzea", azaldu zuen Aldalurrek. Bestetik, eskola kirolean hausnarketa bat abiatuko da. Aldalurren arabera, aspalditik egin nahi zuten hausnarketa hori, eta sare hauetan sartuta, gai horri heltzeko baliatuko dute bultzada. Azkenik, etorkizunera begira haurren kontseilu bat sortzeko asmoa azaldu zuen.