Aho batez onartu du udalbatzarrak datorren urteko zerga eta tasa guztiak izoztea

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 14a, 10:35

Udalbatzarrean parte hartzen duten talde guztiek eman dute tasa eta zerga guztiak izoztearen aldeko botoa. Udal gobernuak argitu du Udalaren egoera finantziarioa "ondo bideratuta" dagoela, baina "ahalegin berezia" egiten ari direla kalitatezko zerbitzuei eusteko.

Datorren urteko ordenantza fiskalak lantzeko ezohiko plenoa izan zen atzo, asteartea. Udalbatzarrean parte hartzen duten talde guztiek –EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk– 2021eko tasa eta zerga guztiak izoztearen alde eman zuten botoa. "Adostasunez" hartutako erabakia dela nabarmendu du udal gobernuak, eta pozik agertu da horrekin. 

"Egoera zaila bizi dugu, eta ez da zergak eta tasak igotzeko unea", dio EH Bilduk. Udal gobernuak helarazitako proposamenaren negoziaketetan akordioa erdietsi zuen EAJrekin. Hala eta guztiz, jeltzaleek azaldu dute negoziaketa horietan JEZa ere izozteko proposamenaz gain eta tokiko ekonomiak eta bereziki ostalaritzak bizi duen momentu zaila aintzat hartuta, tabernek terrazen tasa ez ordaintzea edo kopuru sinboliko batean uztea ere eskatu zutela. "Proposamen horrekin adostasuna lortzea ezinezkoa zela ikusita", jeltzaleek azaldu dute bigarren proposamen bat egin ziotela udal gobernuari: terrazen tasa bere horretan uztea baina toldoak jartzeagatik ordaintzen den aparteko tasa ez ordaintzea. Azkenik, 100 metro koadrotik beherako establezimendu txikiek irekiera lizentzia eskuratzeko ordaintzen duten 300 euroko tasa 50 eurora jaistea ere eskatu zuten jeltzaleek. Udal gobernuak eskakizun horiek onartuta lortu dute akordioa, eta aurrerantzean ere "adostasunaren bidea jorratzea" espero du EAJren udal taldeak. 

EH Bilduk, bere aldetik, azaldu du Udala ostalaritza eta merkataritza ekintza zuzenen bidez laguntzen ari dela lehendik, eta sektore horrekin elkarlanean diseinatutako laguntzak "eredugarriak" izaten ari direla: "Inguruko herrietan eman den laguntzarik handiena ematen ari gara". 

Egoera zailean eta babesgabe
Zumaiako udal gobernuak, baina, argitu nahi izan du egoera finantziarioa "ondo bideratuta" egon arren, "ahalegin berezia" egiten ari dela kalitatezko zerbitzuei eusteko. "Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-bilketa jaitsi dela iragarri ondoren, 2021ean Zumaiako Udalak ere ohi baino kopuru baxuagoa jasoko duela aurreikusten da, nahiz gaur egun daturik ez dugun. Gainera, 2020. urtean, udalak ez ditu aurreikusitako 1.500.000 euro jaso funts horretatik", azaldu dute. Erabaki horiek Udala "egoera zailean eta babesgabe" uzten dituela eta, Aldundiari eskatu diote fiskalitatea egungo egoerara egokitzeko. 

Hori horrela izanik, datozen urteetarako aurreikuspenen berri eman nahi izan du Zumaiako Udalak. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zerga igo egingo dute hurrengo urtean. Milioi bat euroko enpresei eragiten die zerga honek, eta enpresa horientzat "igoera handia" ez den arren, Udalak zerga horretatik egin dezaken diru bilketak "abantailak" dakartza herriarentzat, udal gobernuaren arabera. Bestetik, uraren tasa igotzea aurreikusi dute: "Gipuzkoako Ur Kontsorzioak 2022rako igoera egingo duela iragarri du, eta igoera hori estali egin beharko da", azaldu dute. 

Kreditu aldaketak
Atzoko ezohiko plenora hainbat kreditu aldaketa ere eraman zituen udal gobernuak, horien artean, etxez etxeko laguntza zerbitzuari dagozkionak, apartamentu tutelatuetan hobekuntzak egiteko aldaketak, araztegi naturala egiteko erabili den kopurua eta auzo bideetan seinalizazioak jartzea ahalbidetuko duena. Aho batez onartu zituzten kreditu aldaketa guztiak ere.