Kirolari emana

Berria.eus | Aitor Manterola 2020ko urr. 14a, 09:17
Argazkia: Oarsoaldeko Hitza.

Bigarren urtez jarraian irabazi du adimen urrikoen Euskal Pilota Egokituko Txapelketa, Eneko Sagarmendirekin bietan. Futbolaria ere bada, Realeko Genuine taldean. Irakurri hemen Leire Esnalen eta haren kirol ibilbidearen inguruan Berria egunkarirako Aitor Manterola kazetariak egin duen erreportajea.

Bazen Zumaian Odieta izeneko pilotaleku estali bat. Eusebio Gurrutxaga plazan, zumaiarrek Beheko plaza esaten dioten horretan. 2007an eraitsi zuten, eta, orain, estali gabekoa da Odieta. Handik gertukoa da Leire Esnal (Zumaia, Gipuzkoa, 1999), Goiko plazakoa. Umetan, askotan jaisten zen Odieta zaharrera, pilotan jokatzera edo jokatzen zebiltzanak ikustera. «Eskuz hasi nintzen», kontatu du Beheko plazako aulki luzeetako batean eserita.

Ez du txapelik ekarri buruan, baina jantzita dauka igandetik bat. Ipini egin zioten, txapeldunei jartzen zaien bezala. Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan irabazi zuen pilotarien garaikur preziatua. Euskal Pilota Egokituko Laboral Kutxa saria bereganatu zuen, Eneko Sagarmendirekin bikotea osatuz. Leire aurrelari, eta Eneko atzelari. Iaz bezala, eta orduan gertatu moduan, txapeldun berriz ere bikotea. 25-11 menderatu zituzten herenegun Iñaki Divasson eta Xabier Arizkorreta. «Uste baino errazago», esan du Esnalek.

Adimen urritasuna dauka. Berak dioen bezala, «mundu normalerako juxtu ibiltzen naiz, baina kirolean eta eskolan, aurre-aurrean». Beharko ibili punta-puntan kirolean. Odieta zaharreko hormek gogoan izango dute Esnal, dauden lekuan daudela ere. Hark ere betiko gordeko duen bezala herenegun lagunek egin zioten ongietorria: «Metro tabernaren kanpoaldean neuzkan zain iluntzean. Iaz ere egin zidaten, baina aurtengoa osoagoa izan da. Mikrofono eta guzti zeuden, eta nik ere egin nizkien hitz batzuk. Tabernako leihotik agurtu nituen zaleak».

Erreportajea osorik irakurtzeko, jo Berria.eus-era.