Azken lau egunetan sei positibo detektatu dituzte Zumaian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 13a, 14:45

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 529 kasu hauteman ditu Osasun Sailak. Eskualdean, berriz, Azpeitian eta Azkoitian zenbatu dituzte gehien.

Gaur, asteartea, eman ditu Osasun Sailak jakitera herriz herrikako PCR proben emaitzak. Zumaian sei positibo detektatu ditu azken lau egunetan. Urola Kosta eskualdean, berriz, 122 kasu positibo hauteman ditu joan den ostiraletik atzora bitartean. Azkoitian eta Azpeitian zenbatu dituzte gehien, 49 eta 42 hurrenez hurren. Azkoitian, esaterako, zortzi kasu zenbatu zituzten ostiralean, hemeretzi larunbatean eta 11na igandean eta atzo, astelehena. 101 herritarrek eman dute positibo urria hasi zenez geroztik. Azpeitian, berriz, hiru kasu baieztatu zituzten opstiralean, hamahiru larunbatean, zortzi igandean eta hamazortzi atzo. 

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak, bestalde, nabarmen egin du gora bi herri horietan; gaur gaurkoz 984,24koa da tasa Azkoitian eta 763,87koa Azpeitian. Hori horrela, 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean tasa handiena duten herriak dira Azkoitia eta Azpeitia. Era berean, I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere gora egin du bi herrieta; Azkoitian 1,76koa dela adierazi du txostenean Osasun Sailak. Azpeitian, berriz, altuagoa da, 1,89koa. Urola Kosta eskualdean, ostera, beste 31 kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak. Hamalau kasu zenbatu dituzte Zarautzen, sei Zumaian, launa Errezilen eta Orion, bi Zestoan eta bat Getarian. Gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu ostiraletik.

Hego Euskal Herriko egoera

Atzo, astelehena, 6.763 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Proba horietan, 529 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %7,82ak eman du positibo. Kasu gehien Bizkaian zenbatu dituzte, 255 guztira. Gipuzkoan, bestalde, 224 kasu detektatu dituzte, eta 44 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei lagunek ere eman dute positibo, ordea.

Hiru lurralde horietako erietxeetan, 260 lagun daude ospitaleratuta gaur gaurkoz; atzo ospitaleratu zituzten beste hamasei pertsona. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), gainera, 52 pertsona daude, Osasun Sailaren arabera “COVID-19ak eraginda”. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, azkenik, 1,29koa da. Urrian apurka-apurka gora egiten ari da indizea.

Nafarroako datuak ez ditu jakinarazi oraindik Nafarroako Osasun Institutuak.