Iker Etxeberria zumaiarrak irabazi du elkarte arteko arrantza txapelketa

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 13a, 08:50

Anade elkarteak antolatutako elkarteen arteko 66. arrantza txapelketa jokatu zen igandean, parol muturrean. Eguraldi makurrari aurre egin behar izan zioten parte hartzaileek. 

Goiz partean aritu ziren arrantzan lehiaketako parte hartzaileak. Hiru gunetan izan zuten arrantza egiteko aukera: Arranplatik parol muturrera arte; Itzurunen eta Orroagan. 

Lehiaketako irabazlea Anade A-ko kide Iker Etxeberria izan zen, 3.416 gramorekin. Bigarren Javier Egibar (Nautiko Izkiro) izan zen, 2.712 gramorekin, eta hirugarren Sergio Fernandez (Zurriola A), 2.487 gramorekin. 

Lehen emakumezkoa Nautiko Izkiroko Amaia Mendez izan zen, eta lehen jubenila Anade A-ko Yerai Corrales. Lehen beteranoa Zurriola B-ko Jose Manuel Carrajal izan zen. Taldeka, berriz, Anade A izan zen irabazlea.