Itsaspeko mundua zinemaren bidez ezagutzeko aukera izango da ostegunean

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 12a, 09:43

CINEMASUB lehiaketara aurkeztutako argazkiekin osatutako erakusketa izango da ikusgai hilaren 15etik 18ra Algorri Interpretazio Zentroan.

Itsaspeko Nazioarteko Zinema Zikloaren 11. edizioaren barruan, zazpi labur eta dokumental bat ikusi ahal izango dira ostegunean, hilak 15, 19:00etatik aurrera Aita Mari zinean. CIMASUB-ek Zumaiako Udalarekin elkarlanean antolatu du ekitaldia, eta filmen bitartez itsas hondo ikusgarrienak bisitatzeaz gain, eta itsas kutsaduraren eta klima aldaketaren arazoaren globaltasuna erakusten du. Emanaldirako gonbidapenak Turismo Bulegoan daude eskuragarri. 

Urriaren 15etik 18ra, bestetik, itsaspeko mundua biltzen duen argazkiekin osatutako erakusketa izango da ikusgai Algorri Interpretazio Zentroan. CIMASUB lehiaketara aurkeztutako argazki onenak bildu dituzte bertan, eta antolatzaileen hitzetan, "itsas hondo politenaz gozatzeko eta itsas-espezie arraro eta deigarrienak ezagutzeko" aukera paregabea eskaintzen du. 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara bisitatu ahal izango da.