Aurten ere Leire Esnalek irabazi du euskal pilota egokituko txapelketa

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 11a, 14:03
(Maria Maya Manterola)

Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi alde handiarekin gailendu dira Errenterian, bigarren urtez jarraian. "Akats batzuk" egin arren, Esnalek dio "uste baino errazago" irabazi dutela gaurkoan. Frontoia nahiz bikotekidea ondo ezagutzea giltzarri izan da gaurko garaipena lortzeko, zumaiarraren esanetan: "Denbora asko daramagu elkarrekin entrenatzen eta ondo konpontzen gara".

Aurtengoan ere Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi nagusitu dira Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa txapelketan. Eguerdian jokatu dituzte finalak Errenteriako (Gipuzkoa) Agustina Otaola frontoian, eta adimen urritasuna duten pertsonen lehian, Iñaki Divassonek eta Xabier Arizkorretak osatutako bikotea izan dute aurkari Esnalek eta Sagarmendik. Iazko txapela defendatzera atera dira frontoira zumaiarra eta errenteriarra, eta alde handiarekin irabazi dute: 25-11.

Esnalek adierazi du "uste baino errazago" lortu dutela garaipena, "akats batzuk" egin arren: "Pentsatzen genuen agian ez zela lehengo urtean bezain gogorra izango partida baina, azken finean, aurkariek ere jokatzen dute eta ezin jakin". "Banekien Xabierrek ondo jokatzen duela eta Iñaki arriskutsua dela aurrean. Atsedenaldi bat eta gero tokiz aldatu dira eta hor kezkatu naiz pixka bat", ekarri du gogora. Dena den, erraz gailendu dira azkenean.

Aurretik frontoi horretan entrenatu izana eta Sagarmendi ondo ezagutzea izan da gakoa gaurko garaipena eskuratzeko, Esnalen ustez: "Asko ezagutzen dugu elkar Enekok eta biok, eta frontoia ere ezaguna da guretzat, urte osoan entrenatu baitugu hemen".

Ikusle ugari bertaratu da gaur Agustina Otaolara, eta telebistan ere eman dituzte finalak. Horrek, beharbada, aurkariak gehiago "urduritu" dituela iritzi dio zumaiarrak: "Gu ohituago gaude egoera honekin, aurreko urtean ere izan ginelako finalean. Ni ez naiz urduri jarri gaur, nahiko lasai nengoen". "Nerbioa behar da pixka bat, baina neurrian", gaineratu du.