Arrakala digitalik ez egoteko, sare neutroa

Miren Garate 2020ko urr. 10a, 16:44

Gipuzkoako Hitzak artikulua argitaratu zuen atzo Zumaian martxa jarri duten proiektu berri baten inguruan: zuntz optikoa sartzen hasi dira egunotan, herrigune osora eta auzoetara zabaltzeko. Irekia, neutroa eta unibertsala izango da zuntza, Udalak Kataluniako enpresa batekin itxitako hitzarmenari esker.

Konektatuta daudenen eta ez daudenen arteko arrakala gero eta handiagoa bihurtzeko arriskua bistaratu du COVID-19ak. Eta teknologiak gero eta indar handiagoa duen garaiotan, telekomunikazio enpresa gutxi batzuk hartzen ari diren indarra ere kezka iturri da. Adar asko ditu gai honek —zibersegurtasuna, pribatutasuna,…— , eta horietako bat da azpiegiturena, ezinegona eragiten baitu zuntza, antenak eta Interneterako sarbidea bermatzen duten bestelako baliabideak kudeatzeko eta sortzeko ardura haien mende egoteak. Hein batean, bi kontuei heldu nahi die Zumaiako Udalak martxan jarri berri duen proiektu batek. Egunotan hasi dira zuntz optikoa sartzeko lanekin, eta herri osora hedatuko dute sarea, baita herrigunetik kanpo dauden auzoetara ere —Oikia, Narrondo eta Artadira—.

Zuntz optiko hori irekia, neutroa eta unibertsala izango da; izan ere, udalak hitzarmen bat sinatu du Kataluniako Guifi.net-ekin. Fundazio bat da Guifi.net, irabazi asmorik gabea, eta, azpiegituraren zati bat finantzatzeaz gain, berezitasun horiek bermatzen direla zaintzen du —Gipuzkoako beste zenbait herritan ere egin izan ditu azpiegiturak fundazio horrek—.

Proiektua azaltzeko, adibide bat jarri du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak: “Imajinatu garraio konpainia bat dagoela, konpainia horrek errepide bat egiten duela, eta handik pasatu ahal izateko baimena eman edo zati bat saldu behar dizula. Astakeria irudituko litzaiguke, baina zuntz optikoan horrelaxe dago kontua”.

Ostolazak azaldu du konpainia jakin batzuek izan dezaketen monopolioa edo oligopolioa saihestu nahi izan dutela. “Hain inportantea den azpiegitura bat, etorkizunean gero eta garrantzi handiagoa izango duen eta herrien garapen ekonomikoa baldintzatuko duen azpiegitura bat, ez dadila egon konpainia handi baten esku, baizik eta sare ireki bat izan dadila betirako. Horixe nahi genuen”.

Hain zuzen, nahi duten konpainia guztiek izango dute Zumaiako zuntz optikoaren sare hori erabiltzeko aukera, baldintza berberetan, Espainiako Telekomunikazioen Merkatu Batzordean alta emanda egotea bakarrik eskatuko baitzaie operadoreei. Guifi.net-en funts propioekin, Zumaiako Udalak jarritako diruarekin eta herritarren ekarpenekin finantzatuko dute proiektua.

Irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.