Ikusgai dago Ana Romanen '3+1 20"' erakusketa Oxford aretoan

Baleike 2020ko urr. 10a, 13:10

Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta, tartean, Maria Lopezen '4 veces faro' performancea ikusteko aukera izan zen.

Atzo inauguratu zuten Ana Romanen 3+1 20"  erakusketa Alondegiko Oxford aretoan, arratsaldeko zazpietan. Ekitaldian, erakusketa aurkezteaz gain, Maria Lopezen 4 veces faro performancea ikusteko aukera izan zen. Lopezek ordu erdiko pieza egin zuen jendaurrean, eta interpretatutakoak lotura zuzena izan zuen Romanen erakusketarekin. Hilaren 16an berriro egingo du, ordu berean.

Erakusketari dagokionez, Zumaiako Paolak "bere burua aurkezteko eta hitz egiten duen argi bereizgarriaz" mintzo da. Formatua argi-kutxak dira, eta artelan horiek ikusiak izateko sortu ziren arren, behatoki bikainak dira, Paola bezala. Bi obrak, erakusketaren mugetan kokatzen dira, eta argi hipnotikoaren bitartez sartuko da ikuslea errealitateaz gaindiko munduan, sinbolismoan.

Urriaren 16ko performancea ikusteko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, 943 86 10 56 telefono zenbakira deitu edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzi beharko da, 09:30-14:00 ordutegian.