Janire Gonzalez de Txabarri Europako txapeldun izan da

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 10a, 10:31

Portugalen jokatutako Junior Pro Espinho txapelketa irabazi zuen atzo surflariak, eta, garaipenarekin, Europako Junior txapelduna izatea lortu du.

Janire Gonzalez de Txabarrik garaipen handia lortu zuen atzo Portugaleko Espinho hiriko olatuetan. Hamabost urterekin, Junior mailako (21 urte bitarteko) Europako txapeldun izan da, Junior Pro Espinho txapelketa irabazita. Surflaria bikain aritu zen lehiaketa guztian, txanda denetan puntuazio onena lortuz.

Espinho-ko eskuin olatuetan bizkarka egin zuen surfean Gonzalez de Txabarrik, eta hain zuzen ere, "backside" zoragarriari esker lortu zuen garaipena, finalean Lucia Machado, Ainhoa Leizeaga eta Rachel Presti lehiakideei gailenduz.

"Europako txapeldun izatea helburu garrantzitsua izan da niretzat betidanik, baina ez nuen uste hain gazte irabaziko nuenik. Oraindik Junior mailan urte dezente ditut aurretik, eta ahalik eta garaipen gehien lortzen saiatuko naiz. Askotan egiten ditut entrenamenduak Nadia Erostarberekin (Europako Junior txapelduna 2018an), eta hura inspirazio iturri izan dut; orain, pozik nago haren bidea jarraitzen ari naizelako", azaldu zuen surflari gazteak, garaipena erdietsi eta gero.