Abian da 'Zumaia ezagutzen' heziketa programa

Mireia Galarza 2020ko urr. 9a, 19:30

Programaren helburua herriak izan duen bilakaera aztertzea izango da, eta lau ikasketa unitatetan banatuta egongo da: denboraren bila, argazki rallya, Zumaia eta Artea, eta ontzigintza Zumaian.

Zumaiako Udalak, herriko ikasleek udalerriak izan duen bilakaera aztertzeko helburuarekin, 'Zumaia ezagutzen' programa jarri du martxan aurtengo ikasturterako. Bertan, Zumaiako Institutua, Zumaiako Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea eta Oikiako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara bitarteko ikasleek hartuko dute parte, eta programaren garapena Arazi enpresako hezitzaileen laguntzarekin burutuko da.

Adin bakoitzari egokituriko ikasketa unitateak garatuko dituzte eta, guztira, lau unitatek osatuko dute heziketa programa berria: denboraren bila, argazki rallya, Zumaia eta Artea, eta ontzigintza Zumaian. Lehenengoaren bitartez, ikasleek Zumaiako historian barrena bidaiatuko dute. Bigarren unitateak, aldiz, azken ehun urteetan herrian izandako aldaketak ezagutzea ahalbidetuko die ikasleei, beraiek atera beharreko argazkiak zaharrekin alderatu ondoren. Hirugarren blokean herriko eraikin esanguratsuenak landuko dituzte, eta laugarrengoan, aldiz, Zumaiako herrian aspalditik ontzigintzak izandako garrantzia, garai bakoitzarekin loturiko ezaugarriak eta egungo egoera izango dute hizpide.