Zazpi koronabirus kasu atzeman dituzte azken orduetan Zumaian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 9a, 15:30

Zazpina kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak Azpeitian eta Zarautzen ere. Azkoitian, berriz, atzo baino ia lau aldiz kopuru baxuagoa zenbatu dute. 

Azken orduetan zazpi koronabirus kasu zenbatu dituzte Zumaian egindako PCR probetan. Osasun Sailak beste 27 kasu positibo berri zenbatu ditu eskualdean. Datu hori atzo emandako kopurua baino baxuagoa da; izan ere, herenegun 41 lagunek eman zuten positibo Urola Kostako herrietan. Atzoko kasu gehienak Azpeitian eta Zarautzen zenbatu zituen Osasun Sailak; bi herrietan zazpina kasu hauteman ditu. Azkoitian, berriz, sei kasu atzeman ditu eta bat Errezilen. Eskualdeko beste herrietan ez dute kasu berririk detektatu.

Azpeitian azken zazpi egunetan 51 kasu baieztatu ditu Osasun Sailak, Azkoitian baino bat gehiago. Azkoitian asteazkenean abiatu zuen Osakidetzak baheketa selektiboa, eta ordutik 2.000 azkoitiarrek egun dute PCR proba Gurea pilotalekuan. Gaurko beste 700 herritarrek dute hitzordua hartuta proba egiteko. Osasun Saileko iturriek, ordea, ez dute zehaztu azken bi egunetan Azkoitian jakinarazitako positiboak Gurea pilotalekuan egindako baheketa selektiboko emaitzak diren.

Hain zuzen ere, Azkoitia da 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean tasa handiena duen herria. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa, bestalde, 717,32koa da Azkoitian; haren atzetik dago Azpeitia, 524,74ko tasarekin. Bi herri horietan goranzko joera du intzidentzia tasak.

Hego Euskal Herriko egoera
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoko datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 9.502 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan eta guztira 458 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %4,82ak eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: 198 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 191 kasu detekatu ditu Osakidetzak eta 61 kasu Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi laguni ere positiboa detektatu diete.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 237 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago. Atzo beste 37 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 52 pertsona daude.  Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 1,04koa da hiru lurraldeetako datuak batuta.

Nafarroako Osasun Institutuak ez ditu gaurko datuak jakinarazi. Esan bezain laster gehituko ditu Baleikek albistean.