Hilaren 17an hasiko da aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako 'Atozte' programa

Maria Maya Manterola 2020ko urr. 9a, 14:30

Programa honek aniztasun funtzionala duten pertsonen denbora libreko ekintzen dinamizazioa, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzen du.

Atozte aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutako aisialdi egitasmoa urriaren 17an hasiko da martxan. Gautena elkarteko hezitzaileen laguntzarekin, aisialdia beste modu batean bizitzeko aukera ematen zaie aniztasun funtzionala duten herritarrei. Saio bat egingo dute astero, eta Udalak jakinarazi du saio horietan parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuetara jo beharko dutela (943-86 22 00). 

Programa honek aniztasun funtzionala duten pertsonen denbora libreko ekintzen dinamizazioa, laguntza eta jarraipen zerbitzua eskaintzen du. Gainera, pertsonen arteko harremanak indartu eta hobetzera dator Atozte. Bestetik, herriko gainontzeko jarduera eta ekitaldietan parte hartze aktiboa bilatzen du. Zumaiako Udalak jakinarazi du programa herritar guztientzat irekia dela, eta herriko elkarte, talde edota eragileak ere gonbidatu ditu parte hartzera, aniztasun funtzionala dutenei zuzendutako ekintza berriak diseinatu eta sustatzeko.