Sei hilabete, eta dena ikusteko

Sei hilabete dira COVID-19a eskualdera iritsi zela. Positiboak, agerraldiak, fokuak, PCRak... eguneroko hitz bilakatu dira. Birusak ekarri eta eraman duenaz errepasoa.

Txinatik etorri ziren birus berri baten inguruko albisteak aurrena; Europako hainbat herrialdetatik gero. Birusek ez dute antza muga gaindi ezinik, eta Arabara iritsi zen segidan. Martxoan sartzearekin Euskal Herrian ere piztu zen alarma. Askok uste ez arren, pandemiak gogor jo zuen Euskal Herrian ere.

Urola Kostan ere martxoaren erdi aldean entzun ziren baieztatutako lehen kasu positiboen berriak; hain zuzen ere, kostaldeko hainbat herritan atzeman zituen lehen kasuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Martxoaren 19a zen: sei kasu positibo Zarautzen eta bat Getarian.

Orduz geroztik, ez du etenik izan positiboen kopuruak. Konfinamenduak, neurri zorrotzak, bertan beheren zerrenda, arau aldaketak, tokian tokiko neurriak, eta positiboak gora, baita koronabirusa atzemateko egiten diren PCR probak ere. Urola Kostan lehen alarma gorria adinekoen egoitzetan piztu zen. Hain zuzen ere, Zarauzko Santa Ana egoitzara eta Zumaiako Otezuri egoitzetara oldarkor sartu zen COVID-19a: hainbat egoiliar hil zuen birusak. Martxoko eta apirileko birusaren hedapena pixka bat moteldu zen maiatzarekin, eta ekaina ere ez zen hain basatia izan. Dena den, uztailarekin iritsi ziren lehen agerraldiak.  


Agerraldiak han eta hemen

Getarian jazo zen eskualdeko lehen agerraldia. Dena berria zen; ordura arte, ez zituzten herri askotan egin PCRak modu masiboan. Uztailaren 9tik 12ra Kale Nagusiko Politena tabernan izan ziren herritar guztiei egin zieten proba gauzatzeko deia. Ehunka lagunek egin zuten, eta hainbat positibo zenbatuta, egun gutxiren buruan eman zuten hedapena kontrolatutzat.

Zarauzko Talai Mendi kanpinean ere alarma piztu zen uztailaren 15ean, bi bezero ohik positibo eman zutelako. Kanpinean ziren lagunei nahiz beharginei egin zizkieten PCR probak, eta emaitzak eskuetan, transmisio komunitariorik ez zela izan ondorioztatu zuen Osakidetzak. Egun batera, Zarauzko tabernetara desbideratu zen fokua; izan ere, uztailaren 8 eta 12 bitartean ikasturte amaierarekin lotutako ospakizunen batean izan ziren herritarrei PCR proba egiteko deia egin zien Osasun Sailak. Hainbat positibo detektatu zuten, eta ez soilik Zarautzen; hainbat herritatik joan zen jendea festara Zarautzera.


Festak bertan behera

Uda sasoiarekin iristen dira herrietako festak, eta horiek bilakatu ziren kezka iturri nagusi uztailaren erditik aurrera. Izan ere, jai eremuak birusa zabaltzeko gune arriskutsuak izan zitezkeela ohartarazi zuten erakundeek. Uda aurretik ere utzi zituzten bertan behera jai batzuk, hala nola Zumaiako santelmoak. Eta gauza bera egin zuten hurrengo hilabeteetan Azpeitian, Azkoitan, Aian, Zarautzen, Zestoan…

Festak bertan behera utzi izanagatik, baina, agerraldi bat bestearen atzetik etorri ziren abuztuan eta irailean, eta Urola Kostan ere izan da halakorik. Osasun Sailak PCR proba egitera deitu zituen abuztuaren 7tik 9ra bitartean Azpeitiko Alde Zaharrean eta plazan izan ziren herritarrak. Alde Zaharreko tabernak itxi egin zituzten, eta udal instalazioekin ere gauza bera egin zuen udalak. Osasun langileak hainbat egunez aritu ziren probak egiten Betharrametako pilotalekuan, eta dozenaka kasu atzeman zituzten. Zestoan ere agerraldia izan zen irailean. Hasieran hala uste bazuten ere, ez zen transmisio komunitariorik izan herrian. Ekipamendu publiko eta taberna oro itxi zituzten irailaren 20an, eta PCRak gauzatzearekin eta positibo kopuruak behera egitearekin batera zabaldu zituzten.


514 kasu Urola Kostan

SARS-CoV-2 birusaren bigarren olatua ez da udaberrikoaren parekoa izan, baina hainbat lagun gaixotu da, eta horietako hainbat hil egin dira. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren arabera, nahikoa «kontrolatuta» dago olatua, baina egunero-egunero milaka PCR egin eta ehunka positibo atzematen dituzte.

Bukatu berri den irailean, koronabirusak utzi du arrastoa eskualdean. Hilaren 1etik 30era, 514 kasu atzeman ditu Osakidetzak bailaran: Zarautzen 140, Azkoitian 122, Azpeitian 95, Orion 54, Zestoan 52, Zumaian 29, Aian hamazazpi, Getarian lau eta Errezilen bat. Aizarnazabalen eta Beizaman ez zuten kasurik detektatu. Irailean Gipuzkoan 4.757 positibo atzeman zituen Osakidetzak guztira, eta positibo eman zuten herritarren %10,8 Urola Kostakoak ziren.
Dena den, Osakidetzak ez du jakinarazten zenbat PCR proba gauzatzen dituen herriz herri; positiboen kopurua soilik zehazten du. Beraz, ezinezkoa da egindako proben araberako tokian tokiko datuak eskuratzea.

Urrian ere joera antzekoa ari da izaten; PCR proba ugari eta positiboak ere bai. Azpeitian eta Azkoitian ari dira positibo gehien atzematen azken egunetan –atzo hamabi eta 23, hurrenez hurren–. Bi herri horietako 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuruaren tasak nabarmen egin du gora azken egunetan. Apalduko al da birusaren hedapena negua iristerako?

 
Ehunka PCR proba ari dira egiten Azkoitian

Osakidetza herenegun hasi zen Azkoitian 17 eta 60 urte bitarteko herritarrei PCR probak egiten. 100.000 biztanleko azken hamalau eguneko positiboen kopuruaren tasa altuena duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herria da Azkoitia, eta horregatik, baheketa selektiboa egiteko aukeratu du herria Osasun Sailak. Gasteizko Sansomendi auzoan ere lan bera egiten ari dira.

Zapatu  eguerdira arte ariko dira SARS-Cov-2 birusaren transmisioa eteteko probak egiten Gurea frontoian. Herritarrek anbulatoriora (943-00 76 10) edo osasun aholkularitzara (900-20 30 50) deituta eska dezakete PCRa egiteko txanda. Guztira, 6.700 herritar daude proba egitera deituta.