Salgai daude turismo bulegoan 'Gu primer!' antzezlanerako sarrerak

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 10a, 11:00

Ray eta Nick bueltan dira. Inazio Tolosak eta Ramon Agirrek sortutako pertsonaiek beste abentura bat biziko dute. Xentimorik gabe taldeak bere azken antzezlana aurkeztuko du urriaren 17an, larunbata, 20:00etan Aita Mari aretoan: Gu primer! Sarrerak salgai daude jada turismo bulegoan, 6 euroan; 4 euroan Gazte Txartelarekin. 

Inazio eta Ramon "Parisen" bizi dira, Artistaren Etxean. Bertan lanean hasi berri den Nereak "programa" bat prestatu du gure bi lagunentzat: kontzertu sorta bat eskainiko dute, non beren errepertorioa eta bizipenak kantuz kontatuko dituzten.

Gaurkoan balentria handi baten berri emango dute: ez amerikarrak, ez errusiarrak; bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak (Gu primer!).

Honako hau da "Xentimorik gabe"-ren miraria posible egin duen taldea:

  • Artistak: Inazio Tolosa, Ramon Agirre, Nerea Gorriti
  • Testuak: Egoitz Lasa, Ramon Agirre
  • Musika: Ramon Agirre
  • Zuzendaria: Asier Sota
  • Ekoizlea: Martin Agirre
  • Argien diseinua: Andoni Mendizabal
  • Soinua: Aieka soinua
  • Kartela: Josean Jaramago