Beste bi kasu zenbatu dituzte Zumaian, datuak eskualdean bikoiztu diren egunean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 8a, 14:51
PCR probak egin zituzten atzo Azkoitian.

Urola Kostan guztira 41 kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak. Kasuen erdiak Azkoitian hauteman dituzte: 23 guztira. Zumaian bi dira zenbatutako kasuak.

Osasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, kasuak bikoiztu egin dira Urola Kostan. Guztira 41 kasu zenbatu dituzte, baina kasuen erdiak Azkoitian hautemandakoak dira. 23 kasu positibo atzeman dituzte Azkoitian, hamabi Azpeitian, bi Zumaian eta bana Errezilen, Getarian, Orion nahiz Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk baieztatu.

Azkoitian, esaterako, egun bakar batean herrian atzemandako kasu positibo kopuru handiena atzo detektatu zuen. Izan ere, atzo hasi ziren 17 eta 60 urte arteko herritarrei PCR probak egiten, eta 23 lagunek eman dute positibo. Dena den, Osakidetzak ez du zehaztu atzoko zer ordutara arteko datuak diren kaleratu dituenak. Hala eta guztiz, atzo atzemandako 23 kasuek laukoiztu egin dute herenegungo positibo kopurua.

Kasuak gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 854 kasu positibo atzeman zituzten atzo. 10.314 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 454 kasu positibo baieztatu zituen, hau da %4,4. Bizkaian eta Gipuzkoan antzeko datuak jaso dituzte, izan ere Bizkaian 195 kasu zenbatu dituzte eta 192 Gipuzkoan. Araban, aldiz, 58 pertsonari detektatu diote positiboa. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi laguni atzeman diote positiboa.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. 238 pertsona daude hiru lurralde horietan ospitaleratuta; atzo, 29 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten. Egun, 48 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,01ekoa da. 

Nafarroan, bestalde, 400 kasu positibo hauteman ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.236 PCR proba egin zituzten atzo Nafarroan, eta ondorioz, proba egin zutenen %12,4ak eman du positibo. Ospitaleei dagokionez, 251 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn. Lau heriotza gehiagoren berri ere eman du Nafarroako Gobernuak.