Mutrikuk hartuko du Itsas ondarearen jaialdiko bigarren eguna

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 8a, 08:30

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru herritan banatu du erakundeak bere hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu duen Itsas ondarearen jaialdiko ekitaldi sorta. Pasa den igandean Zumaian izan zen jaialdia, eta datozen bi asteburuetan Mutrikun eta Deban egingo da. 

Mutrikun izango da larunbat honetan, hilaren 10ean, jaialdia. Zumaian egin bezala, Beduola elkarteko Hiru anai egurrezko batela eramango dute, eta bertan izango dira elkarteko kideak lanean. Erremintak, lanabesak eta itsasoarekin lotutako hainbat tresna ere erakutsiko dira Mutrikuko portuan egingo den erakusketan. Erakusketa 11:30etik 14:30era eta 17:00etatik 19:30era izango da zabalik. 11:30ean egingo da jaialdiaren irekiera.

Baserriko produktuak eta arrain kontserbak saltzen dituen Merkatu txiki berezia portuan egingo da oraingo honetan, 9:00etatik 14:00etara arte, jaialdiarekin bat eginez. 

10:00etatik 11:30era, 12:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 18:30era bisita gidatuak egingo dira Arrietakua jauregian. Bisita hauetarako ezinbestekoa izango da aurrez erreserba egitea, www.geoparkea.eus webgunea, eta batelean nabigatu nahi duenak erakusketan eman beharko du izena, egunean bertan. 

Amugileen ofizioaren eta garai bateko aparejuen erakustaldia ere egingo da, Arkugain elkartearen bitartez, goizez, 11:30etik 14:30era. Arratsaldean, berriz, ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera eskainiko zaie bertaratzen direnei. 17:00etatik 19:30era egingo da eguneko azken ekitaldi hau.

Erlazionatuak

Kofradia, kresalaz blai

Gorka Eizagirre/Juan Luis Romatet 2020 urr 04 Zumaia