IAk Herri Eskolak antolatu ditu astelehenerako,"langileok erdigunean jartzen gaituen edukia mahaigaineratzeko"

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 7a, 13:30
(@ia_urolakosta)

"Jaiegun arrotzari intsumisioa adieraztea" eta "langileok erdigunean jartzen gaituen edukia" lantzea izango dute helburu eskualdeko IAko taldeek prestatutako Herri Eskolek. Zumaian ere goiz osoko egitaraua izango da datorren urriaren 12an.

"Hispanitatearen Eguna" izango da datorren astelehenean, urriak 12. Aurten ere "jaiegun arrotzari intsumisioa" adieraziko diete eskualdeko hainbat eta hainbat ikaslek, Herri Eskolen bidez. Zumaian eta Zarautzen ere prestatu dituzte egitarauak Urola Kostako Ikasle Abertzaleek, jada argitara atera direnak.

"Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko, eta eskualdez eskualde elkartuko gara langileok erdigunean jartzen gaituen edukia mahaigaineratzeko", adierazi dute IAko kideek. Hala, hausnarketarako eta analisirako parada izango da Herri Eskoletan: "Bizi dugun testuinguru gordinaren aurrean egindako lan politikoaz hitz egiteko aukera izango dugu, aurrean ditugun erronken nondik norakoak ulertu ahal izateko gakoak mahaigaineratuko ditugu…".

Aurtengo Herri Eskoletan azpimarra egingo diete "ikastetxeetako lan sindikalari eta autodefentsa sareei". Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen nahiz Zumaian landuko dute auzia astelehenean, hitzaldi bat abiapuntu hartuta.

Urola Kostako Ikasle Abertzaleek Zumaiako egitarauaren berri eman dute jada, sare sozialen bideZ. 10:30ean Zumaiako Herri Eskolako sarreran elkartuko dira guztiak.

Egitaraua

  • 10:30. Herri Eskolako sarreran elkartu eta hitzaldia: Lan sindikala ikastetxeetan eta autodefentsa sareak
  • 11:30. Bakarrizketa: Telmo Irureta
  • 12:00. Kontzertua: Hellwatch