‘Joker’ filmarekin hasiko da bihar udazkeneko zineforum sasoia

Juan Luis Romatet 2020ko urr. 7a, 09:09

Oscar saria jaso zuen filma udaberrian eman behar zuen Ostarrenak, baina saioa bertan behera geratu zen itxialdiarekin. Lehen hiru filmak iragarri dituzte oraingoz.

Zumaiako Ostarrena zineklub taldea bueltan da zineforum saioekin. Pandemiak baldintzatutako garai honetan hiru pelikula besterik ez ditu iragarri printzipioz, eta asteak aurrera joan ahala joango da beste filmak iragartzen. Saioak Aita Mari aretoan izango dira; lehen biak 21:00etan, eta azaroaren 5ekoa 22:00etan. Filmak jatorrizko bertsioan emango dira, azpitituluekin.

Aktore onenarentzako Oscar saria jaso zuen Joker filmaren emanaldiarekin hasiko du udazkeneko denboraldia. Filma hori, hasiera batean, martxoan zuten ematekoa, baina itxialdiak asmoak zapuztu zizkien. Komedia munduan aritu den Todd Phillipsek zuzendutako filmak Joaquin Phoenixen aktore lan bikaina du.

Urriaren 22an, Papicha film aljeriarra emango du Ostarrenak. 1990eko hamarkadako Aljer hiriburuan kokatzen da, eta moda diseinatzaile izateko ikasten ari den 18 urteko Nedjma da protagonista. Gauetan, bere lagunekin, diskoteketara joaten da, bere diseinuak saltzen saiatzeko papicha direlakoei, hau da, unibertsitateko neska ederrei.

Azaroaren 5ean El faro zuribeltzezko filma aztoragarria izango da. Bi aktore besterik ez ditu: Willem Dafoe eta Robert Pattinson. Biek ala biek lan ederra egiten dute, gainera.

EMANGO DIREN FILMAK

Bihar. Joker. Zuzendaria: Todd Phillips. Aktoreak: Joaquin Phoenix, Robert de Niro. 21:00etan, Aita Marin.

Urriak 22. Papicha. Zuzendaria: Mounia Meddour. Aktoreak: Lyna Khoudri, Shirine Boutella. 21:00etan, Aita Marin.

Azaroak 5. El faro. Zuzendaria: Robert Eggers. Aktoreak: Willem Dafoe, Robert Pattinson. 22:00etan, Aita Marin.