%100eko gutxieneko zerbitzuek baldintzatutako greba eguna

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 6a, 20:00

Eskualdeko adinekoen egoitzetan oihartzun mugatua izan du ELA eta LAB sindikatuek, Duintasuna pentsiodunen elkarteak, Irauli Zaintza elkarteak eta Gipuzkoako Senideakek gaurko deitutako lanuzteak, baina izan dira mobilizazioekin bat egin duten langileak.

Lan baldintza eta hitzarmen duinak aldarrikatuz enegarren mobilizazio eguna bizi izan dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan. ELA eta LAB sindikatuek, Duintasuna pentsiodunen elkarteak, Irauli Zaintza elkarteak eta Gipuzkoako Senideakek greba deitua zuten gaurko, baina grebarekin bat egiteko aukera askorik ez dute izan lanuztea egin nahi zutenek ere. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkie egoitzetako beharginei, sukaldeetakoei eta garbiketakoei izan ezik; horien kasuan, %50ean utzi dituzte gaur eskainiko beharreko gutxienezko zerbitzuak.

Grebaren deitzaileek gogor salatu dute Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurria, langileen “greba eskubidea urratzen” duelako. Salaketa horrek bat egin du langileen eta egoiliarren senideen aldarrikapenekin Donostian egin duten manifestazioan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusiaren atarian hasi eta toki berean bukatu dute mobilizazioa, eta horixe izan da greba egunaren ekitaldi bateratu nagusia.

Urola Kostako egoitzetan oihartzun mugatua izan du gaurko greba egunak; ezarritako gutxieneko zerbitzuak tarteko, besteak beste. Langile batzuek aurkitu dute, hala ere, beren aldarrikapenak zabaltzeko tartea.