Itsas ondarea izango du hizpide Geoparkeak bere 10. urteurrenean

Juan Luis Romatet eta Mireia Galarza 2020ko urr. 2a, 17:32

Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan egingo da programa. Beduola elkarteak eraiki duen ‘Hiru anai’ ontziaren inguruan joango dira ekitaldiak.

Itsas ondarearen jaialdia: Hiru anai batela, mende bateko historia zuzenean izeneko programa osatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak bere hamargarren urteurrena ospatzeko. Ekitaldiak Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietan egingo dira: Zumaian igande honetan, Mutrikun urriaren 10ean eta Deban hilaren 17an.

Zumaiako Beduola ontzi tradizionalen elkartea egiten ari den Hiru anai batelaren erreplika izango dute ekitaldiek ardatz. Lan hori zuzenean ikusteko aukera izango da hiru igandeetan.

Herri bakoitzean bisita gidatu bana egingo dute. Zumaian Kofradiako salmenta gela ikusteko aukera izango da; Mutrikun Arrietakua Jauregia; eta Deban, Santa Maria eliza.

Bost urte badira Geoparkeak Unescoren munduko izendapena lortu zuela. “Urte hauen ondoren, Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak bere indarra bermatu du”, azaldu zuen Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok atzo egin zen agerraldian. Bertan izan ziren, baita ere, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateak, Iñaki Ostolaza, Gilen Garcia eta Joseba Palenzuela, hurrenez hurren; Maria Jose Telleria aldundiko Kultura zuzendari Nagusia –Aldundiak bultzatzen duen 2020 Ondarearen Europako jardunaldien barruan antolatu da– eta Beduolako Inaxio Manterola.

Barriusoren esanetan, Geoparkearen jarduerak historiaurrea eta itsas ondarea ildo garrantzitsuak izango dituela azaldu zuen. Hiru herrietan hartuko dituzten ekitaldi hauek egitea garrantzitsutzat jo zuen, “herrietako ohiturak gordetzeko” baliagarria izango delakoan.

ZUMAIA: ETZI, IGANDEA

10:00. Txistularien kalejira.

11:30. Irekiera Kofradian.

11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa. Kofradian.

11:30-13:30 eta 16:30-18:30. Kofradiara bisita gidatuak.

17:00-19:30. Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.

Kofradiako bisita gidatuetan nabigazioan parte hartzeko, aurrez izena ematea beharrezkoa da erakusketan bertan, igandean. Bi jarduerak doakoak dira.

MUTRIKU: URRIAREN 10EAN

9:00-14:00. Merkatu txiki berezia portuan.

11:30. Irekiera ekitaldia.

10:00-11:30/12:00-13:30/17:00- 18:30. Arrietakuara bisitak.

11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa.

11:30-14:30. Amugileen ofizioaren eta garai bateko aparejuen erakustaldia.

17:00-19:30. Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.

Erreserba egitea beharrezkoa da geoparkea.eus webgunean. Nabigazioa egiteko erakusketan eman beharko da izena.

DEBA. URRIAREN 17AN

11:30. Irekiera ekitaldia Anes Arrinda pasealekuan.

11:00-12:00/12:30-13:30. Bisita gidatuak: Santa Maria Debako itsas ondarearen testigua.

11:30-14:30 eta 17:00-19:30. Ontzi tradizionalen erakusketa.

12:00-14:00. Marinel korapiloen tailerrak.

17:00-19:30.Ontzi tradizionaletan nabigatzeko aukera.

Bisita gidatua egiteko www.geoparkea.eus webgunean hartu behar dira sarrerak, eta tailerrak egin nahi dituenak Debako turismo bulegoan eman behar du izena (Ifar kalea, 4; 943-192 452). Batelean nabigazioa egin nahi duenak erakusketan eman beharko du izena egunean bertan.